Hutsik dauden establezimenduen bilatzailea aurkeztu dute: 'nikgernikan.eus'
Lokal bilatzailea da webgunea, udalerrian hutsik edota saltzeko dauden lokalei buruzko informazioa eskaintzen duena, bai dendena, bai tabernena. Doako zerbitzua da.
nikgernikan.eus webgune berria sortu du Gernika-Lumoko Udalaren Merkataritza Arloak, udalerrian dauden lokal hutsen eta saltokien bilatzailea. Iñigo Magunagoikoetxea merkataritza arloko zinegotziak lokal horiek betetzea dutela helburu dio, “udalerria bizirik mantentzeko”. Izan ere, helburua da ekintza
Nik Gernikan kanpainaren baitako ekimena da webgunearen sorrera. Lokal bilatzailea da, udalerrian hutsik edota saltzeko dauden lokalei buruzko informazio eskaintzen duena, bai dendena, bai tabernena. “Gernika-Lumon dauden lokalen erabilera bultzatzea da asmo nagusia, eta batez ere hutsik daudenen okupazio tasa igotzea”, azaldu du Magunagoikoetxeak.
Webguneagaz, gainera, belaunaldi erreleborik ez duten “betiko dendak” ez galtzea bilatu nahi dute udal ordezkariek, horiei buruzko informazioa eskainiz eta errelebo berri bat bilatuz. “Identifikatuta daukagun arazoa da belaunaldien arteko erreleboarena. Betiko denda batzuk, negozioa ondo joan arren, erreleborik barik geratzen dira, eta itxi egin behar izaten dituzte. Horrelako kasuak ere baditugu, eta horien berri ere ematen dugu”, adierazi du Magunagoikoetxeak.
Doako zerbitzua da
Bestalde, esparru digital bakarrean leku horiek guztiak sailkatzea bilatu dute, ekintzaileek lokal hutsen informazioa errazago biltzeko; izan ere, bilatzailearen “onuradun nagusiak” ekintzaileak izango dira, herrian negozioa zabaldu nahi duten pertsona guztiak. “Webgune honi esker informazio guzti hori bilduta sailkatuta dago. Hala ekintzaileek errazagoa jakingo dute zein lokal dauden libre, eta era honetan jabeen eta interesatuen arteko komunikazio hori erraztea bilatu dugu”, dio.
Gehitu dute webguneak Merkataritza Bulegoa ekintzaileek harremanetan jartzeko ere balio duela. “Merkataritza Bulegoak ekintzaile bakoitzari estrategia plan bat egiten laguntzen dio, baita negozioaren bideragatarritasun plana egiten eta udalerriko zein beste erakundetako diru laguntzen berri ematen ere. Hala, garrantzitsua da harreman hori sustatzea”, adierazi dute.
Higiezinen agentziekin, akordioak. Bilatzailea sortu ahal izateko, udalerriko higiezinen agentziekin akordioak sinatu dituzte, eta webgunean lokalen informazioa agertzea gura dutenen datuak eskaini dituzte. Enpresa horiek kudeatutako lokalez gain, lonja baten edozein titular partikularrek eska dezake bilatzailean sartzea, doakoa delako zerbitzua. Zehaztu dutenez, Merkataritza Bulegoa arduratuko da datu horiek biltzeaz eta argitaratzen den informazioa eguneratzeaz. Hala ere, argi utzi du “ez dutela bitartekari” lana egingo, “ez direla salmenten prezioan edota akordioetan sartuko”.
1.000 biztanleko 16 saltoki daude
Webguneak oso modu “intuitiboan” funtzionatzen du, eta hainbat ezaugarri eta datu ezagutzeko aukera ematen du. Izan ere, fitxa bakoitzaren barruan argazkiak ikus daitezke, baita erabilgarri dauden lekuen azaleraren, ekipamenduen eta abarren deskribapena ere. Bakoitzean agertzen den kontaktua dagokion higiezinen enpresari edo titularrari dagokio, Merkataritza Bulegoak ez duelako bitartekaritza lanik egingo.
“Udalerriko merkataritza sarea mantentzera bideratutako beste ekintza bat da hau, kalitate handiko zerbitzu ugari eta askotarikoak dituen milaka metro koadroko salmenta azalera bizirik mantentzeko”, adierazi du Magunagoikoetxeak. Dioenez, Gernika-Lumo izan da Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “merkataritza dentsitate handieneko” udalerria, eta “izaten jarraitu gura” du: 16 saltoki daude 1.000 biztanleko, Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren bataz besteko 10,95aren gainetik.