Klima aldaketari eta migrazioari buruzko tailerra emango dute umeentzat Aste Santuan, Errigoitin
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen programa landuko dute umeek, Aste Santuko oporretan.
Lurrak behar gaitu tailerra emango dute umeentzat Aste Santuan Errigoitin, eta parte hartzeko derrigorra da aurretiaz izena ematea, plaza mugatuak daudelako. 2011 eta 2018 urte bitartean jaiotakoei zuzendutakoa da, eta barikua (martxoak 17) da udaletxean izena emateko azkenengo eguna.
Apirilaren 3an, 4an, 5ean, 11n eta 12an egingo dituzte saioak, 11:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian.
Beste behin, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskutik eskainiko du tailerra udalak. Oraingo honetan, klima aldaketak migrazioan daukan eragina aztertu eta horri buruz hausnartu eta sentsibilizatzeko helburua dauka programak: “Kutsadurak eragindako klima aldaketa da gaur egun daukagun ingurumen arazo larrienetako bat. Ekaitz handiak, lehorteak eta beste fenomeno atmosferiko batzuk eragiten ditu, batez ere herrialde pobreetan, eta, ondorioz, milaka pertsonak beraien jatorrizko herrialdeetatik alde egin behar dute”.
Bi aste horietan askotariko jarduerak egingo dituzte. Besteak beste, aldaketa klimatikoa ulertzeko esperimentuak, sukaldaritza zein material birziklatuen tailerrak eta mahai-jolasak egingo dituzte umeek, eta azkenengo eguneko agur festan munduko hainbat txokotako musika eta dantzak ere ez dituzte faltako.