Bizkaiko Txapelketako emaitzei esker, Euskadiko Txapelketara sailkatu dira Xixilikoak
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian jokatu dituzte bakarkako eta taldekako Bizkaiko Txapelketak.
Bizkaiko Txapelketa lehiatu zuten domekan (martxoak 12), Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Xixili Klubetik bakarka eta taldeka parte hartu zuten denak Euskadiko Txapelketara sailkatu dira, eta Azkoitian jokatuko dute domeka honetan (martxoak 19).
Bizkaiko bederatzi klubetako ordezkariek parte hartu zuten: Xixili, Sakoneta, Bitxiak, Santutxu, Dana, Olazarmendi, Getxo, Miragarri Taldea eta Ohana.
Gazte mailan, zintekin egindako lanagaz, Xixiliko Naia Arrazua Uribe geratu zen txapeldun; Getxo taldeko Naia Bustinza Obregon eta Santutxuko Sheila Vilchez Martinez sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hamasei gimnasta aritu ziren kategoria horretako bakarkako lehian, eta Xixiliko Idoia Hormatxea Saez de Okar hamargarren sailkatu zen.
Kadete mailan, pelotagaz aritu ziren Xixiliko Nahia Gorostiaga Goitisolo eta Maialen Abaroa Badiola, laugarren eta bosgarren postuetan geratu ziren. Maila horretan Santutxuko Joane Vargas Paredesek lortu zuen urrezko domina, Danako Naroa Alvarez Garciak zilarrezkoa eta Santutxuko Aiala Justicia Castroviejok brontzezkoa.
Eskualdeko klubeko gimnastarik ez zen egon alebin eta haur kategorietan.
Taldekako lehia. Taldekako lehiari dagokionez, haur kategorian Bizkaiko talde bakarra izan zen Xixili. Gazte-handi mailan, hiru talde lehiatu ziren: Dana geratu zen txapeldun, eta Xixilikoak bigarren eta hirugarren.