Baserrietan eta banakako etxebizitzetan lapurretak saihesteko hitzaldia emango dute etzi
Almika auzoko basetxean egingo dute hitzaldia, 18:00etan.
Bermeoko Udaltzaingoak urtero egiten du Baserrietan eta banakako etxeetan lapurretak saihesteko kanpaina. Horren baitan, aurten, hitzaldi bat antolatu dute, lehenengo aldiz. Etzirako antolatu dute hitzaldia (martxoak 16), 18:00etan, Almika auzoko basetxean.
Gogorarazi dute, iaz oinezko patruilen bitartez, udaltzainak etxez-etxe joaten zirela “zuzeneko aholkuak emateko eta informazio eskuliburuak banatzeko”. Aurten, kanpaina indartzeko asmoa agertu dute, eta horregatik antolatu dute hitzaldia. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eskainiko dute hitzaldia; horretan, orain arte emandako aholkuak “sakon” aztertuko dituztela azaldu dute, eta bertaratzen direnen zalantzak argituko dituzte.
Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat da Udaltzaingoaren gertutasuna lantzea, “Bermeo seguruago bat lortzeko bidean”. Horretarako, “oinezkoen patruilak indartzea ezinbestekoa” dela uste dute, baita ere arloz-arloko informazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea. Izan ere, “herritarrarengandik hurbilago” egotea “ezinbestekoa” dela diote udalak zerbitzu hau behar bezala eskaintzeko.