"Erabateko etxeratzea" gauzatzeko erronkei buruzko mahai ingurua
Sareren aurrera begirako erronkari buruz berba egiteko espazioan batuko dira etzi 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan.
‘Eta orain etxera’ izenburupean, Sareren aurrera begirako erronkari buruz berba egiteko espazioan batuko dira etzi 19:00etan, Elai Alai aretoan.
Dispertsio eta urrunketa politika “ia-ia” amaituta dauden egungo egoeran –Euskal Herriratzeko 12 preso falta dira oraindik–, fase berri bat zabaldu du Sarek, presoen “erabateko etxeratzea” gauzatzea bilatzea helburu duena, eta horri buruz hausnatzeko mahai inguruan batuko dira etzi: “Urrunketa politika izan da sistematikoki aplikatu den espetxe politikako elementu fundamentala. Eta 35 urteko etapa hori amaituta, fase berri bat irudikatu gura dugu, horrek dakartzan ezaugarri, egiteko eta ulertzeko modu berriekin”.
Hain zuzen ere, Sarekoek zehaztu dute presoei “hainbat korapilo eta oztopo” ezartzen dizkietela judizialki, eta horiek hobeto ulertzeko Onintza Ostolaza abokatua gonbidatu dute solasaldira. “Presoek judizialki izaten dituzten oztopoen erradiografia bat egingo du Ostolazak, herritarrek jakiteko zeintzuk izaten diren horiek bizi dituzten egoerak”, azaldu dute. Izan ere, uste dute etorkizunerako estrategiak eraikitzeko orduan “garrantzitsua” dela errealitate horien berri izatea. “Erabateko etxeratzea ahalbidetzeko, guri dagokigu presio soziala eta jendartearen aktibazio soziala sustatzea, baita adostasun berriak bilatzea ere, instituzionalki, politikoki zein sozialki”.
Bego Atxa Sareren bozeramaileak ere hartuko du hitza etzi, eta Sarek martxoaren 4an egindako zortzigarren batzar orokorrean erabakitakoa azalduko du: “Batzar hori izan zen fase berriaren lehen abiapuntua, eta juridikoki zein ekinbideri erantzungo dion Sarek kontatuko du”. Izan ere, gaia ez dela konpondu diote Sareko kideek, 168 euskal preso gatibu daudelako oraindik. “Konponbide klabeetan aurrerapausoak eman gura badira, konponbide integral eta oso bat bilatu behar da, eta Sare horretarako tresna bat izango da”, adierazi dute.
Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kide eta Foro Sozialeko partaideak ere berba hartuko du, Foro Sozialaren ziklo amaieraren nondik norakoak kontatzeko. Izan ere, asteburuan zikloa amaitutzat emateko jardunaldiak antolatu ditu.
Horiek entzunda, hausnartzeko eta eztabaidatzeko tartea hartuko dute bertaratzen direnek. Zehaztu dute mahai ingurua kultur etxeagaz batera antolatu dutela: “Saiatu gara espazio hori mantentzen, eta urterik urtera dauden erronkei buruzko leku eraberitu bat eraikitzen, gogoeta berriak plazaratzeko”.