Ehunka lagunek bat egin dute Gonzalezen defentsarako diru bilketagaz
Mendi ibiladian elkartu ziren goizean, eta elkarretaratzean batu ziren ehunka lagun eguerdian. Elkarretaratzean, Gonzalezek isolamendu egoeran sufritzen duen isiltasuna ikusarazi gura izan zuten, eta, hiru minutuz, elkarretaratze isilean batu ziren bertaratutakoak. Atzoko elkartasun ekimenean bildutako dirua #FreePabloGonzalez elkarteari bideratuko diote.
Urtebete darama Pablo Gonzalezek Polonian preso, isolamendu egoeran kartzelaratuta. Errusiaren aldeko espioitza egitea leporatzen diote, baina ez dira bere aurkako karguak ezagutzen. Hala, bere defentsarako gastuei aurre egiteko sostengu ekonomikoa lortzeko asmoz, dirua batzeko eta kazetariari elkartasuna adierazteko egunean jendetza elkartu zen atzo Nabarnizen. Gonzalezen auzia gizarteratzea eta hari elkartasuna adieraztea bilatzen zuen ekimena prestatu zuen Nabarnizko guraso taldeak, eta herriko zein inguruetako ehunka bizilagun berataratu ziren.
Mendi ibiladian elkartu ziren goizean, eta elkarretaratzean batu ziren ehunka lagun eguerdian. Elkarretaratzean, Gonzalezek isolamendu egoeran sufritzen duen isiltasuna ikusarazi gura izan zuten, eta, hiru minutuz, elkarretaratze isilean batu ziren bertaratutakoak. Horiek igarota, txalo zaparrada entzun zen Nabarnizen. “Isolamendu egoeran dago Pablo, eta hiru minutu horiek bere errealitatea ikusarazteko balio dute. 24 orduz dago isilik, eta hori ikusarazi gura izan dugu. Hiru minutu ez dira ezer berak bizi duen egoeraren aldean, baina balio du berarekin enpatizatzeko”, adierazi du Oihana Goiriena Gonzalezen emazteak.
Herritarrak zein inguruko bizilagunak bertaratu ziren Nabarnizera, eta herritar taldeak prestatutako pegatinak, poltsak eta pintxoak erosi zituzten. Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia bertsolariek ere euren ekarpena egin zuten, eta bertso bidez, Gonzalez aske uzteko aldarria plazaratu zuten.
Atzoko elkartasun ekimenean bildutako dirua #FreePabloGonzalez elkarteari bideratuko diote, talde hori sortu baitzuten kazetariaren senide eta lagunek haren auzia gizarteratzeko eta defentsarako dirua batzeko asmoz. Izan ere, azaldu du “asko” direla kazetariak kartzelan dituen eta “ikusezinak” diren gastuak. “Herritar taldeak zeozer egin gura zuten Pablori laguntzeko eta gastuak ordaintzeko dirua batzeko, eta eurek antolatu dute domekako ekimena. Helburua elkartearen bera da: Pabloren defentsarako dirua lortzea, izan ere, gauza asko ordaindu behar dira, kanpotik ikusita ikusezinak direnak. Ez dira bakarrik abokatuaren fakturak ordaindu behar, kartzelan bizitzeko ere dirua behar du”, adierazi du Goirienak.
“Oso eskertuta” agertu zen jasotako babesagaz: “Gaur eskerrak emateko eguna da, eskerrak ideia hai izan zuen ama taldeari, nabarnizko herriari, antolaketan aritu zareten guztiei… Eta eskerrak etorri zareten guztiori, Paveleri babesa adieraztearren”.
Goirienak dioenez, elkartasun ekimenek “babesa” ematen diote kazetariari, “babestuta dagoela” sentiarazten diotelako. “Emozio handiko eguna da, jakin genuen jende asko etorriko zela, baina plazan horrenbeste jendez beteta ikustea oso hunkigarria da. Eskerrik asko Pablok defentsa ona eta epaiketa justua merezi duela pentsatzen duzuen guztiori etortzearren”, adierazi zuen Goirienak atzoko agerraldian. Izan ere, “susmoak susmo eta akusazioak akusazio”, kazetariak “defentsa on bat izateko eskubidea” duela eta “epaiketa justu bat” merezi duela sentitu zuen haren familiak.
Abokatuaren bisita. Atxilotu eta espetxeratu zutenetik urtebete igaro ostean, Gonzalezek Gonzalo Boye abokatuaren bisita jaso zuen barikuan. Abokatuak prestatutako bilera izan zen, Gonzalezi laguntzen dioten Poloniako defentsa abokatuekin batera egindakoa. Orain arte, Poloniako abokatuekin bakarrik batu ahal izan da kazetaria, baina bilera hori egin ahal izateak Poloniako agintariek Boye abokatu gisa aitortzea dakar. Abokatuak adierazi du “defentsa lerro bakar batean” aurrera egiteko aukera eskaintzen duela horrek.
Hala, ere Boyek berretsi du jarduera judizialerako sarbidea “oso mugatuta” dagoela, eta “horrek babesgabe” uzten duela kazetaria. “Prozesu luzea eta zaila” izango dela aurreikusi du. Gainera, azaldu du Gonzalez “oso arduratuta” dagoela bere iturriengatik, bere gailuekiko sarbideak horiek agerian utz ditzakeelako.
Boyek, gainera, babes adierazpenak helarazi dizkio presoari, eta kazetariak “esker onez eta hunkituta” jaso dituela kontatu du.