"'Marta Planaren' parte izan ziren emakumeei ahotsa eman gura izan diet"
'Marta Plana'-ren parte izan ziren ehunka emakume elkarrizketatu ditu Ortizek, eta horien testigantzak liburu batean argitaratuko ditu, tartean Gernika-Lumoko emakumeenak.
1960 eta 1963 bitartean, 700 emakume baino gehiago abiatu ziren Australiara, ‘Marta Plana’ izeneko migrazio akordioaren baitan. Australiako eta Francoren gobernuek antolatutako eta eliza katoliak babestutako operazioa izan zen, emakume horiek Australiara emigratu zuten gizonekin ezkontzea bilatzen zuena. “Australiak garai hartan birpopulatzeko edo hiltzeko politika zuen, eta, horren ondorioa izan zen plana”, adierazi du Natalia Ortiz ikertzaileak.
Australiara bidaiatu eta itzultzea erabaki zutenen “itzulerari” buruzko ikerketa egiten ari zela egin zuen topo ‘Marta Plana’-ri buruzko aipamen “txiki” batekin, eta liburu bateko bi paragrafo baino ez zituen behar izan horri buruz ikertzen hasteko. Hala, Melbournera 1960ko martxoaren 10eko lehen hegazkinean iritsitako emakume bat aurkitu zuen. Bost urte beranduago, ehunka Marta aurkitu ditu, eta horiei buruzko El avion de las novias dokumentala zuzendu du Javier Caastrogaz batera. Orain, hainbat testigantza batzen ari da, ‘Marta Plana’-ri buruzko liburu bat idazteko helburuz. Operazio horren parte izan ziren ehunka emakume elkarrizketatu ditu horretarako, tartean Gernika-Lumokoak.
Zein zen benetan ‘Marta Plana’-ren helburua?
Australiako Gobernuaren asmoa herrialdea birpopulatzea zen, Australia jendez bete ezean hil egingo zelako: birpopulatzea edo hiltzea zen errealitatea. Ondorioz, 50eko hamarkadaren amaieran, gizonezko asko Australiara joan ziren azukre kanaberetan eta tabako bilketetan lan egitera, bi urteko kontratuekin. Baina horietako askok bueltatzeko eskatu zuten, bakarrik sentitzen zirela argudiatuta. Horren ondorioz erabaki zuten emakume ezkongabez betetako hegazkinak eramatea, katolikoak zirenak eta ezkontzeko adinean zeuden emakumeez betetakoak. 700 emakume horien artean, denetariko istorioak daude, baina gehienak nora zihoazen ondo jakin barik joan ziren Australiara, bi urtez lan egin eta etxera bueltatzeko asmoz. 63 urte beranduago, baina, haietako batzuek Australian jarraitzen dute.
Emakumeek ez zekiten zein zen gobernuen arteko akordioa.
Hedabideetako titular askok diote engainatuta joan zirela, baina kontu handiz esan behar da hori. Bi urteko lan kontratuan euren herrialdera bueltatzea erabakiz gero bidaia horren dirua itzuli beharko zutela jartzen zuelako zihoazen engainatuta, diru hori lortzea ezinezkoa zitzaielako. Izan ere, garai hartan hegazkin batean bidaiatzea garestia bazen, Australiara hegazkinez joatea pentsaezina zen. Alde horretatik, engainatuta zeuden, kontratuak ez zeukalako legezko baliorik. Engainatu egin zituzten, bi urteren ondoren lasai itzul zitezkeela esan zietelako, baina inork ez zielako esan itzulerako txartela ordaintzea dirutza zela, urteetan irabaziko zutena. Zentzu horretan, engainatu egin zituzten. Baina ezkontzeko engainatu zituztela esatea zuzena da? Hori zen Australiako Gobernuaren ideia, lurraldea birpopulatzea eta emakume horiek bertan geratzea, baina ez zituzten ezkontzera behartu. Egia da, baita ere, bizi zuten bakardadeak horretara bultzatzen zituela.
Izan ere, familiekin harremana mantentzea ez zen erraza.
Askok ezin zituzten telefono deiak egin, eta gutunek hilabeteak behar izan zituzten helmugara heltzeko, itsasontzian bidaltzen zituzten-eta. Orain, guztiz desberdina da, eta hala ere, Australia oso urrun dagoela uste dugu. Bi lurraldeen arteko distantzia kilometrikoa eta distantzia emozionala lotuta daude, eta bakardade hori sentitzen zuten han bizi ziren askok eta askok.
‘Marta Plana’ ezezaguna da, ez dago horri buruzko informazio askorik. Zelakoa izan da dokumentazio lana?
Nik ez nekien ezer operazio horri buruz, baina, espainiarren Australiako migrazio prozesuari buruzko doktoretza egiten ari nintzela, Ignacio Garcia adituaren liburuan irakurri nuen ‘Marta Operazioari’ buruzko aipamen txiki bat, eta horri buruz ikertzen hastea erabaki nuen. Konturatu nintzen ez zegoela informaziorik planari buruz, ez zegoela emakume horiei buruzko daturik, eta zailtasun izan nituen arren, plan horren parte izan zen andre bat aurkitu nuen. Emakume horrek beste bat ezagutzen zuen, hark beste bat eta hari horri tiraka, ehunka Marta ezagutu ditut bost urteko ikerketa honetan. Esan beharra daukat Espainian emakume horiek aurkitzeko ezinbestekoa izan dela Nafarroako Boomerang Australiar Alkartearen eta Bizkaiko Euskal Australiar Alkartearen laguntza.
Zelako esperientzia izan da emakume horien bizipenak entzutea, jasotzea eta gordetzea?
Niretzat oso esperientzia aberasgarria izan da, baita harrigarria ere. Izan ere, hasieran emakumez betetako hegazkin bat besterik ez zela egon uste nuen, baina hamahiru izan ziren. Marta asko ezagutu ditut, etengabean ari naiz euren istorioak aurkitzen, jendea ezagutzen, eta pertsonak harremanetan jartzen. Oso polita da; egia da istorioak oso gogorrak direla, baina ikerketa ederra izaten ari da, ahaztezina. Emakume indartsuak dira. Orokorrean, denek diote oso esperientzia gogorra izan zela bizi izan zutena, baina bakoitzaren esperientzia bakarra denez, ikuspuntu guztiak hartu behar dira kontutan. Bizi lezio bat izan da niretzat.
Memoria historikoaren parte dira emakume horiek, eta euren lekukotasunak jaso dituzu. Zein da helburua?
Jatorrizko asmoa liburu bat egitea zen, baina elkarrizketak egin ahala, konturatu nintzen zein dibertigarriak ziren, eta hori pantailetan islatu beharra neukala otu zitzaidan, nortzuk ziren ikusarazteko eta zabaltzeko. Dokumentalerako bederatzi testigantza jaso nituen bakarrik, pandemiak gehiago ikertzea eragotzi zidalako eta ezin izan nituelako Euskal Herrian bizi ziren emakumeak elkarrizketatu. Orain, planari buruz gehiago dakigunean, istorio hau liburu batean jasotzeko eta emakume gehiagoren testigantzak biltzeko gogoa daukat. ‘Marta Plana’-ren parte izan ziren emakumeei ahotsa eman gura izan diet. Gaur gaurkoz, 150 testigantza inguru bildu ditut, eta horiek liburuan zelan kontatu pentsatzen ari naiz. Gainera, kapitulu bat emakume horien seme-alabei buruzkoa izatea gura dut, Australian jaio eta Euskal Herrira itzuli ziren seme-alabei buruzkoa. Izan ere, eurak ere plan horren ondorioa dira. Emakumeak dira protagonistak, baina argi utzi gura dut migrazioak eraginak dituela ondorengo belaunaldietan ere.
Asko izan ziren Australiatik bueltatzea erabaki zuten familiak.
Asko Australian geratu ziren, baina jende askok itzultzea erabaki zuen. Duela gutxi Euskal Herrian izan naiz, hainbat emakumeren bizipenak jasotzen, eta Australiatik itzuli ziren familia asko eta asko aurkitu ditut. Harritu egin nau. Hala ere, askok lagunak dituzte Australian, eta euren arteko harremana mantentzen dute. Australian jaiotako seme horietako batek kontatu zidan bere aita gaixotu egin zela etxera itzuli bezain laster, eta Australiako Gure Txoko elkarteak diru bilketa antolatu zuela gastu medikoak ordaintzen laguntzeko. Euren arteko lokarriak ez dira inoiz moztu, nahiz eta munduaren alde batean eta bestean egon.
Memoria historiko horri buruz ikertzen jarraitzea ezinbestekoa da.
Ezagutzen ez genuen historiari buruzko ekarpen txiki bat da hau, baina migrazioa, oro har, oso ahaztuta dago, eta are gehiago Australiara emigratu zutenena. Memoria historikoan inbertitu, ikertu eta gorde egin behar da, oso interesgarria baita gertatu zena jakitea. Migrazio prozesuak oso konplexuak dira, eta ezin dira sinplifikatu 700 emakume horien istoria bakarra izan zela esanez, ezta itzuli zirenak Australiaz ahaztu zirela esanez ere. Belaunaldiz belaunaldi irauten duen esperientzia da migrazioa, eta ez da bakarra. ‘Marta Plana’-ren parte izan ziren emakumeek omenaldi bat merezi dute, emakume indartsuak izan zirelako, baita Australiako euskal komunitatearen aitzindariak izan zirelako ere.