"Euskarak aurrera egiteko denon indarrak batzea beharrezkoa da"
Opor egun batzuk hartu ostean, erretiroa hartuko du Zaratek, 24 urtez Bermeoko Udaleko euskara teknikari izan ostean; sentsazio "gazi-gozoekin" doala dio.
24 urtez Bermeoko Udaleko euskara teknikari izan zara; erretiroa hartzeko ordua helduta, ze sentsaziogaz uzten duzu lanpostua?
Sentsazio gazi-gozoak ditut. Gozoak bai, 24 urte hauetan ahal izan dudan guztia eman dudalako, eta hortxe gelditzen da nire aldetik jarritakoa. Alde handia dago aurkitu nuenetik utzi dudanera. Euskara Sailaren egoera oso desberdina zen lehen eta orain. Ni sartu nintzenean itzultzaile bat zegoen, eta sailean lau kide izatera heldu gara. Orain, Euskara Saila apur bat umezurtz geratzen da, ez delako euskara teknikari berririk jarriko. Gazia, berriz, nahigabetuta nagoelako. Nire lanpostua ondo hornitutakoa izan da, hau da, EPE bat egin nuen eta funtzionario lanpostua izan da nirea. Eta lanpostu batek estatus bat duenean, gauzak egiteko aukera gehiago ere ematen ditu, eta nik babes hori eduki dut. Orain, erabaki dute lanpostu hau ez betetzea, eta nik uste dut ezinbestekoa dela lanpostu honetan norbait egotea, datozen urteetako erronkei aurre egiteko.
Bermeora iritsi zinenean, hainbeste urtetarako izango zela uste al zenuen?
Bai, mahaian jesarri nintzen lehenengo egunetan banekien 25 urte ingururako lana edukiko nuela.
Euskararen galtze prozesua antzinatik datorren kontu bat da, aurreko belaunaldietatik datorrena, eta batzuetan belaunaldi berriei gatz egiten zaie identifikatzea zergatik ez duten euskaraz egiten, euskaldunak izan arren.
Zein zen orduan Bermeon euskararen egoera?
Zaila da hori esatea, faktore asko eduki behar dira kontutan hizkuntzaren egoera jakiteko eta neurtzeko. Baina, orduan ere, euskararen egoera ez zen ona. Lehenengo hilabeteetan kalera irten eta ez nuen ulertzen zergatik entzuten nituen horrenbeste euskaldun gazteleraz. Gerora, profesionalki ulertu dut hori. Euskararen galtze prozesua antzinatik datorren kontu bat da, aurreko belaunaldietatik datorrena, eta batzuetan belaunaldi berriei gatz egiten zaie identifikatzea zergatik ez duten euskaraz egiten, euskaldunak izan arren. Askotan entzuten da ohituragatik dela, eta galdera da, nondik dator ohitura hori? Azkenean, hizkuntza handiak indarkeriaren bitartez inposatzen dizkigute, eta hemen indarkeria handia egon da urte askotan, Franco aurreko garaietan ere. Pertsonen barruetan geratzen da hori. Hizkuntza ez hegemenikoekin bizi gura dugunok daukagun handicap handia da; asko sufriarazi digute, eta ez dugu gura gure ondorengoek hori sufritzea. Autoestima kolektiboan dago gakoa. Bestetik, Bermeoren kokapenak ere badauka zerikusia: gaztelania hurbil dago. Gaur egun gauza batzuetan aurrerapauso politak eman dira, baina joera galera bidea da, baina ez Bermeon bakarrik. Herri euskaldunetan hizkuntzarekin zerikusik ez daukaten beste faktore askok ere badaukate garrantzia, esaterako, hirigintza eredu basatia, turismoa…
2000. urtetik etorkin asko etorri dira, eta integrazioa oso garrantzitsua da. Euskaldunok esaten dugu euskara gutxi egiten dela, baina kanpotik datozenek gurean euskara asko egiten dela diote; bakoitzak bere pertzepzioa dauka.
Eta udalean? Zein zen euskararen egoera?
Dena zegoen egiteko. Nik hizkuntzaren garapen sozialari garrantzia ematea erabaki nuen. Hala, udalean pauso batzuk emanda bazeuden ere, ez zegoen sistematizatuta plan baten barruan, eta Uemaren laguntzagaz horretan hasi ginen. Hortaz, udal barrurako lehenengo Euskara Plana egiten hasi ginen, eredugarritasunean asko egin dezakelako udalak, eta bultzada handia eman ahal diolako hizkuntzaren garapenari. Orduan, langileen formazioa bai, baina euskaraz funtzionatzeko bide oso bat jorratu genuen. Bide horretan, denetarik aurkitu dut, erresistentziak ere bai. Hala eta guztiz ere, aurrerapauso handiak eman dira, eta 24 urte eta gero Bermeoko Udalak 200 langile baino gehiago ditu eta denek euskaraz lan egiteko gaitasuna daukate, eta hori gauza handi-handia da. Lorpen kolektibo bat izan da; batetik, politikari batzuk egon dira babesa ematen, eta, bestetik, langileek lan handia egin dute. Euskara Sailetik akuilu lana egin dugu, lan proaktiboa eginez.
Euskara teknikari lanean, zein izan da esfortzurik handiena?
Udal barnekoa bideratuta, herriaren lehentasunak aztertu behar izan genituen, eta horretarako, ikastetxeekin, enpresekin, elkarteekin, etorkinekin… lan handia egin dugu. 2000. urtetik etorkin asko etorri dira, eta integrazioa oso garrantzitsua da. Euskaldunok esaten dugu euskara gutxi egiten dela, baina kanpotik datozenek gurean euskara asko egiten dela diote; bakoitzak bere pertzepzioa dauka. Euskalduntze alfabetatze alorrean lan asko egin dugu, eta baita ere baliabideen eskaintzan. Hala ere, proiektu interesgarriak ere egon dira, tartean, Euskal Gunearen sorrera. Saretzeari ere garrantzia handia eman diot; Bermeon jende euskaltzale asko dago, baina oso sakabanatuta. Horretarako, hainbat urtez martxan egon zen Euskara Aholku Batzordea, eta eragile guztiek parte hartu dute horretan momenturen batean. TELP tailerrak ere egin izan ditugu, euskaraz hitz egiteari lotutako deserosotasunak murrizteko helburuz, eta euskarari eusteko asmoz. Indar kolektiboa behar du euskarak, eta ahalegin handia egin dut horretan.
Udala urte askotan aitzindari izan da Euskal Herri mailan. Aurrerakuntza handiak eman dira euskarari prestigioa emateko eta euskaraz funtzionatzeko.
Bidean zerbait utzi al duzu?
Bigarren Euskaraldiaren ostean ahalegin handia egin genuen euskara elkarte bat sortzeko prozesua abiarazteko, baina hor geratu da. Nire ustez, euskaldunen aktibazioan dago giltza eta euskaldunen saretzean. Nolabaiteko saretze bat beharrezkoa da gizarteko alor guztietan presentzia soziala handitzeko. Badakigu faktore asko ez daudela herritarren eskuetan, baina beste asko bai. Beste asko horiek abiaraztea eta aktibatzea dira datozen urteetarako lanik handienak.
Uste duzu udaletik ahal den guztia egiten dela?
Ez. Azken urte luzeetan euskarak lekua galdu du udalaren barruan. Euskara ez da soilik kulturara mugatu behar. Euskararen normalizazioaz ari bagara, eta presentzia sozial handia eduki gura baldin badugu, arlo sozioekonomikora salto egin beharko litzateke. Zertarako gaude gazteak euskaraz prestatzen lan mundura salto egiten dutenean gaztelaniaz lanean jartzen baldin baditugu? Zentzu horretan, udala urte askotan aitzindari izan da Euskal Herri mailan. Aurrerakuntza handiak eman dira euskarari prestigioa emateko eta euskaraz funtzionatzeko. Azken urteetan, baina, atzerantza doa; elebitasunaren bidea agortuta dago, eta azken urteetan elebitasunaren bidea hartu da udalean. Uste dut arduradunek hausnarketa bat egin beharko luketela. Aurten, gainera, inoizkorik aurrekontu txikiena dago euskarara bideratuta, eta euskara teknikariaren lanpostua ere ez da beteko; lana badago gura izanez gero.
Hurbilekoak euskaraz irakurtzeko aukera edukitzea behar beste baloratzen ez dugun kontu bat da.
Hitzaren sorreran parte hartu zenuen. Zelan gogoratzen duzu mugimendua?
Oso polita izan zen; proiektu oso garrantzitsua da. Hurbilekoak euskaraz irakurtzeko aukera edukitzea behar beste baloratzen ez dugun kontu bat da. Nik neuk ilusio handiz hartu nuen proiektua, eta hasieratik parte hartu nuen Hitza sortzeko batzordean. Oso interesgarria izan zen, hausnarketa asko egin behar izan ziren eta orduan Euskeraz Berbetan Taldea indartsu zegoen, eta bultzada handia eman zuten. Polita izan zen, izan ere, herritarrek eta udalak bat egin zuten Hitza bultzatzeko, eta horrek erakusten digu zein den bidea, bi aldeetatik indarra egin behar dela. Lan asko egin behar izan zen, gauza eta borondate asko mugitu behar izan zirelako, eta eragile askoren ateak jo behar izan genituen. Baina proiektuak hemen jarraitzen du, bizirik dago, beste modu batera bada ere. Udalaren diru laguntza ere beheraka joan da urteekin, eta uste dut Hitza indartu beharko litzatekeela.
Uste al duzu Hitzak euskararen irakurzaletasuna bultzatzen lagundu duela?
Baietz esango nuke. Hitza erreferentziazkoa da gaur egun. Euskararen normalizazioan ezinbestekoa da kalitatezko komunikabideak edukitzea eta horiek bultzatzea.
Euskararen kale erabilera beheraka doa. Uste duzu herritarrak arduratu egiten direla datuokin?
Euskaraz bizi gura duten horiek bai arduratzen dira, eta jende askok bai badauka ardura hori. Baina, ardura horri ez zaio formarik ematen. Bestalde, uste dut helduok badaukagula zer pentsatu eta zer aldatu, eta, batez ere, azpimarratuko nuke guraso izateko adina daukatenen ardura. Umeekin jarrera kontziente batzuk landu behar dira; azken urteetan ikusten ari naiz adin batetik aurrera gurasoek umeei gaztelaniaz egiten dietela. Euskarak bizitzeko balio digula sinistu behar dugu, badagoelako jende bat ez duela horretan sinisten. Nik uste dut euskaraz bizi gaitezkeela. Galdera da: Zergatik aukeratuko dute gaztetxoek inguru multilingual batean euskara? Horretarako arrazoiak eman behar dizkiegu, eta arrazoiak badaude.
Gazteen datua oso kezkagarria izan da. Udaletik zerbait egin daiteke?
Baietz esango nuke. Azken urteetan Eusle proiektua lantzen gabiltza ikastetxeekin. Eustea da helburua, eta horretarako metodologia jakin bat erabiltzen da. Uste dut horretara diru gehiago bideratu beharko litzateekela lantzen jarraitzeko. Eustearen ideia hori leku askotara zabaldu daiteke, eta uste dut datozen urteetan ikastetxeekin batera lana gehiago indartu behar dela.
Alderaketak ez dira onak izaten, baina Ondarroatik zatoz eta hara zoaz orain. Hango euskararen erabileraren datuak askoz ere hobeak dira. Zein izan daiteke aldea?
Euskal Herri osoan gertatzen ari den joera da umeek gero eta euskara gutxiago egiten dutela kalean, baita Ondarroan ere. Hala eta guztiz ere, herri antzekoak dira bai, baina ez. Faktore asko daude, eta bata geografikoa ere bada. Ondarroa herri euskaldunez inguratuta dago eta Bermeo ez horrenbeste, gaztelaniaren mugan dago eta horrek zerikusi handia dauka.
Maite Euskara izan naiz urte askotan, eta uste dut euskararenganako daukagun maitasun hori neugan proiektatu dutela askok.
24 urtetan zein da gogoratzen duzun unerik onena?
Asko egon dira. Baina, sasoi batean antolatzen genuen Berba eta Kafea ekimena nabarmenduko nuke. Urtean behin egiten genuen Euskararen Egunaren harira, eta hausnarketarako gunea zen. Une politak izan ziren. Hitzaren sorrera ere aipatu beharra daukat, oso polita izan zen.
Bermeo utzi eta Ondarroara zoaz, zer uzten duzu hemen?
Jendea, bermeotarrak geratzen zaizkit bihotzean. Oso jende ona aurkitu dut Bermeon. Oso ondo sentitzen naiz, maitasun handia jasotzen ari naizelako. Maite Euskara izan naiz urte askotan, eta uste dut euskararenganako daukagun maitasun hori neugan proiektatu dutela askok. Lankideak agurtu ditudanean maitasun asko jaso dut bueltan. Pertsonen maitasuna da bizitzaren motorra. Euskara maite dugulako mugitzen eta inplikatzen gara euskararen normalizazioan. Euskararen militante bat sentitu izan naiz beti, nahiz eta administrazioan egon. Administraziotik dena ezin daiteke egin, baina gauza batzuk bai. Euskaltzalea beti izango naiz.