Unai Argarate izango da Foruko EH Bilduren alkategaia
Herri izaera "berreskuratzeaz" gain, ingurumen politiketan eta kulturaren sustapenean jarriko du arreta Foruko EH Bilduk. Lantaldearen balioa azpimarratu du alkategaiak: "Ezeren gainetik, atzetik izango dudan lantaldearen balioa azpimarratu gura dut, azken urteetan talde sendo bat gabiltza lanean".
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu du Foruko EH Bilduk Unai Argarate. Egungo garai erabakiorretan herrirako “ideia berritzaileak” landu gura ditu, eta, horretarako, Foruko EH Bilduren lantaldearen balioa azpimarratu du alkategaiak: “Ezeren gainetik, atzetik izango dudan lantaldearen balioa azpimarratu gura dut, azken urteetan talde sendo bat gabiltzalako lanean, eta bizi ditugun garai erabakiorretan herrirako ideia berritzaileak ekarri gura ditugulako”.
2011-2015 agintaldian, zazpi botogatik ez zen alkate izendatu, eta, ondorioz, zinegotzi lanetan aritu zen Foruko udalean. “Kolpe gogorra izan zen, baina ahaztuta dago. Indarberrituta eta ilusioz gabiltza azkenaldian”, adierazi du alkategaiak.
Hala, azken urteetan, “Foruak herri izaera galdu izana” salatu du, eta EAJren Foruko azken hiru alkateren agintaldiez “balorazio eskasa” egin dute Foruko EH Bildukoek: “Ikustea besterik ez dago; azken 20 urteetan daude boterean, eta zoritxarrez esan behar dugu Forua egoera askoz ere okerragoan dagoela orain. Foruak berea izan duen herri izaera galbidean dago, komunitate izaera galtzear dago, eta horren errudun nagusiak azken urteetako udal politika negargarriak izan dira”.
Koalizio abertzalekoek diotenez, hirigintza arloan “zaharkituta” dago herria, “zerbitzu falta nabarmena” da, eta horri buruzko erabaki estrategikorik hartu ez izana salatu dute: “Kudeaketa hutsera murriztu dira udal politikak”.
Hori guztia aldatu gura du Foruko EH Bilduk, eta, herri izaera “berreskuratzeaz” gain, ingurumen politiketan eta kulturaren sustapenean jarriko du arreta. “Foruak aldaketa bat behar du, biziberritze bat. Eta hori ezin daiteke udaletik bakarrik egin, herritarrekin batera egin behar da. Eta, hain zuzen ere, hori da gure lan egiteko modua, gure estiloa”, adierazi dute.
Ondorioz, erabakiak herritarrekin hartu eta herritarrak herri proiektuaren parte sentiarazi gura dituzte: “Herri txiki bat gara eta komunitatean bizi behar gara, batera indartsuagoak garelako. Garai erabakiorra bizitzen ari gara, eta herritar aktiboak gura ditugu, bai herriko bizitzan, bai herri politiketan”.
Datak.
EH Bilduk martxoaren 16an jarri du hitzordua, 19:00etan, herri programa lantzeko. Gainera, martxoaren 26an, 13:30ean, zerrendaren aurkezpen ekitaldia egingo dutela iragarri dute, Haitz Biribilen.