"Sistema kolapsatzen ari da eta ez da kasualitatea"
Hainbat herritarrek bat egin dute Bermeoko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioagaz; herria kalez kale zeharkatu ostean, Erriberan amaitu dute protesta, musikagaz eta dantzan.
Goiko plazan hasi du gaurko mobilizazioa Bermeoko Mugimendu Feministak. 19:00etarako zeukaten ordua jarrita, eta hainbat izan dira Goiko Plazara bertaratu eta deialdiagaz bat egin duten herritarrak. Kalez kale ibili ostean, Erriberan amaitu dute, eta gaurko prestatu duten irakurketa irakurri ostean, musikagaz amaiera eman diote ekitaldiari, baita dantzan ere.
Mikrofonoa hartuta, Bermeoko Mugimendu Feministak esan du “sistema kolapsatzen” ari dela, eta “ez dela kasualitatea”. “Erabaki heteropatriarkalen, inperialisten, neoliberalen eta arrazisten ondorioa da. Mundua hankaz gora jarri dute eta ez emakumeon mesedetan”. Feminismoa antolatzen ari den heinean, indar neofaxistak ere antolatzen dabiltzala badakitela diote, indarkeriaren gorakada bistakoa dela nabarmenduta: “Emakumeon hipersexualizazioa, objektifikazioa, gorputzen merkantilizazioa, bortxaketa, esklabutza, feminizidioa… Gizonen eta kapitalaren eskura egon behar dugun gorputzak omen gara!”.
Zaintzarako azpiegitura publikoen murrizketa ere, “logika maskulinista” berberak ekarritakoa dela agertu dute. “Sistema pribatuen mesedetan eta emakumeon bizkar, Osakidetza desmantelatzen ari dira: ez daukagu osasun arreta integralik, herrian pediatria zerbitzua minimoetan dago, familia medikuak falta ditugu, osasun mentala ahaztuta daukate, ginekologia ez da existitzen koadro sintomatikorik gabe…”, gaineratu dute. Gorputzekin nahikoa ez, eta emakumeen hitzak ere “bere egin gura” dituztela kritikatu dute: “Gaurko egunez kolore guztietako udal ordezkari gizonek sinatutako adierazpena zurikeriaren adibide ona dugu. Mugimendu feministaren diskurtsoaz lotsarik barik apropiatu eta orain arte inondik inora lehentasunezkoak izan ez diren hainbat neurri hartuko dituztela adierazi dute. Hobe neurriok martxoaren 8an barik, urtarrilean planteatu izan balituzte eta haietako batzuk gutxienez gaurko martxan egon izan balira: tartean berdintasun zerbitzu feminista“.
“Sistemaren kolapsoa gainditzeko bidean, zaintza sistema irauli behar” dela argi daukate: “Guk eraldaketa masibo bat gorpuztu gura dugu, zaintzen osotasuneko eraldaketa, bizitzak zentralidadea izango duen antolamendu politiko, sozial eta ekonomiko baterantz”.