Saregile, neskatila eta paketatzaileek lau urte lehenago hartu dezakete erretiroa
Gaur [martxoak 8] Espainiako Senatuak Arrantza Lege berria onartu du. Bermeoko, Ondarroako eta Getariako emakumeak Madrilera joan dira, eta "egun historiko bat" dela nabarmendu dute.
Saregile, neskatila eta paketatzaileen lan baldintzak duintzeko eta diskriminazioa amaitzeko neurriak jasotzen dituen Arrantza Lege berria onartu dute gaur Espainiako Senatuan, eta bertan izan dira Bermeoko, Ondarroako eta Getariako emakume batzuk. Aldeko 144 botogaz onatu da, boto bakarra izan da kontrakoa, eta 115 senatari abstenitu dira.
Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak esan du aurrerapauso “erraldoia” dela: “Ikusezina ikusgai bihurtu dugu gaur. Itsasoko emakumeen lan isilak eta hamarkadetako borroka etengabeak fruituak eman ditu: Arrantza Legeak haien eskubideak aitortu ditu lehen aldiz, eta jubilazioa aurreratzeko aukera izango dute. Egun historikoa da, arrantza munduko garapen handienetako bat da. Gainera, justizia poetikoa dirudi martxoaren 8an emakumeen nazioarteko egunean lorpen hau lortzea”.
Esan duenez, 545 saregilek, neskatilak eta paketatzailek lau urte lehenago hartu ahalko dute erretiroa. Hain zuzen ere, emakumeek urte askotan egindako “lanaren, antolaketaren eta borrokaren” aldarria egin du Bidegurenek Senatuan. “Diskriminatuak izan dira, eta ez da kasualitatea izan horrelako jarrerak arrantza munduko sailik feminizatuenean egitea. Lan funtsezkoa da saregile, neskatila eta paketatzaileena, baina bigarren plano batean jarri da, ikusezin bihurtu nahi izan dute, zaintzagaz batera lotu nahi izan dute”.
Iazko apirilaren amaieran aho batez onartu zuten Espainiako Kongresuan saregile, paketatzaile eta neskatilen lan baldintzak duintzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Mozioak neskatila, saregile eta paketatzaileek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzea eta arrantza sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminazio eza eta babesa zainduko zituen lege-aldaketan egitea zuen oinarri. Arrantza sektorean aurre erretiroa izatea onartuta eduki ez duen kolektibo bakarra izan da orain arte.
Senatariak adierazi du onarpena “berandu” heldu dela, eta oraindik “asko dagoela egiteko” emakumeen eskubideen defentsan. “Emakumeen lana defendatu, babestu eta aitortu behar da, eta, horretarako, politika feministak egin behar dira. Eskubide feministak babesten jarraituko dugu: ezina ekinez egina”.