Busturialdeko Itaiak emakume langileak askatzeko sozialismoa eraikitzearen beharra plazaratu du
Emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko "borondate errealik" ez erakustea leporatu diete instituzioei, eta lege feministak "polemika mediatikoetarako" erabili izana kritikatu diete.
Emakume langileen “zapalkuntza lehen lerroan ipini”, eta, horren aurrean, antolakuntza politikora batzeak daukan garrantzia azpimarratu dute Busturialdeko Itaiako kideek gaur iluntzean (martxoak 8), Gernika-Lumon egin dute mobilizazioan.
Emakume langileen egunerokotasunean “aldaketa gutxi” daudela, eta emakume askoren bizi baldintzak “okerrera” egin dutela diote; uste dute atzeraldi ekonomikoak baldintzak “are gehiago okertzea” eragin duela: “egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, emakumeen gorputzen kontrako sexualizazioa…”.
Instituzioei leporatu diote errealitate horri “entzungor egitea”, eta zapalkuntza horrekin amaitzeko “borondate errealik” ez erakustea: “Instituzioetatik ez zaio emakume langileon problematikari heldu, aurpegi zuriketarako eta eztabaida elektoralean botoak lortzeko helburua daukate, batez ere”. Argi daukate kapitalismoaren baitan zabalkuntzak “ez daukala inolako aterabiderik” eta lege feministak “polemika mediatikoetarako” erabili izana kritikatu dute.
Argi daukate kapitalismoaren baitan zabalkuntzak “ez daukala inolako aterabiderik” eta lege feministak “polemika mediatikoetarako” erabili izana kritikatu dute
Hain zuzen, diotenez, gobernuetatik proposatzen diren legeek emakume asko bazterrean uzten dituzte. Espainiako Gobernuak atzo onartutako parekidetasun legea bezalakoek emakume langileen errealitatea ezabatzen dutela deritze, eta, era berean, gobernu espainiarrak garatu duen programa feminista egikaritzeko “oztopo politiko eta ekonomikoak” agerian geratu direla: “Babes sozial edo elektorala kolokan ikustean, PSOEk Solo si es Si Legea atzera bota du”. Lege proposamen, kanpaina eta salaketa guzti horiek “babes sozial elektorala eskuratzeko, enpresariek emakume langileon kontura gero eta irabazi handiagoak lortzeko eta kalean egon daitekeen borrokarako nahia otzantzeko” funtzioa daukatela zehaztu dute.
“Hainbat dira komunikabideetan eta instituzioetan ideologiak ikusarazten ez dituen arazoak eta modu interesatuan, eta, askotan manipulatuan, tratatzen diren gaiak: prostituzioan jarduten duten emakumeen egoera, alokairu sabelen gatazka, etxeko langileen esklabutza….”, azaldu dute. Horri aurre egiteko babes politikoa antolatzea aldarrikatu dute. “Emakume langileok aktibo politiko izan behar dugu guztion ongizatea bermatu behar duen gizarte sozialistaren eraikuntzan. Antolakuntzaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuetan eta sortzen ditugun instituzio propioen baitan zapalduentzat espazio seguruak bermatu behar ditugu”.