Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak Berdintasun Batzordea sortu du
Ajangizko Maier kooperatiba ere Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen parte da, eta Berdintasun Batzordearen helburua da berdintasunagaz eta emakumea ahalduntzeko ekimenekin bat egitea.
Maier, Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Laboral Kutxa kooperatibek beraien berdintasun planak partekatuko dituzte, praktika onak eta ezagutzak elkar banatzeko asmoz. Helburua da egun kooperatiba bakoitzean berdintasunaren inguruan egiten dutena elkarrekin konpartitu eta elkarlanean berdintasunari lotutako ekintza ezberdinak gauzatzea. Batzordea kooperatiba bakoitzeko ordezkariek eta mahai horren dinamizazio lanetan aritzen den Leartibai Fundazioko ordezkari batek osatzen dute.
“Egitasmo honen bitartez berdintasunarekin eta emakumea ahalduntzeko ekimenekin bat egingo du Kooperatiben Mahaia Elkarteak, talde-lanean, bere inguruko eraldaketa sozialari egiten dion ekarpena areagotuz”. Urtean zehar ekintza bateratu bat diseinatzeko konpromisoa ere hartu du batzordeak.
Askoz gehiago. 2008an sortu zenetik, Kooperatiben Mahaia Elkarteak beste hainbat ekintza jarri ditu azken urteetan martxan emakumearen presentziaren alde. Neskek zientzian eta teknologian duten presentzia eta eragina indartzeko. 2019tik, Lea-Artibai eta Busturialdeako ikastetxeekin elkarlanean, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna eta martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunari lotuta, inguruko emakume zientzialariak ezagutzera emateko ekintzak abiarazi dituzte. 2020an bideo bat ere kaleratu zen gazteentzako eredugarri izan daitezkeen profil teknikodun elkarteko kide diren kooperatibetako emakumeen esperientzia ezagutzera emateko.
Bestetik, 2017an Talentatu proiektua hasi zuten Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeen eraldaketa soziala bultzatzeko asmoz. Egitasmo horren ardatz nagusia eskualdeetan talentua sortzea, erakartzea eta mantentzea da. “Inguruko kooperatibek egiten dituzten jarduerek argi eta garbi erakusten dute eskualdean duten eragina eta ekarpena. Berdintasun batzorde honekin urrats bat gehiago eman nahi du elkarteak, urtez urte bere inguruaren eraldaketa sozialean egiten duen ekarpena indartzen jarraituz”.