Lamerako zoladura konpontzen dabiltza
Lanak Aste Santuko oporraldirako amaituta egotea aurreikusten du udalak.
Bermeoko Udalak 96.000 eurotik gora bideratuko ditu Lamerako zoladura konpontzera. Lanak hasita daude, eta hain zuzen ere, eraikinen eta lorategien arteko pasealekuko zoladuran egiten dabiltza lanak, San Migeleko eskaileratik portuko sarrerako zubiraino. Azaldu dutenez, Bermeo “segurua, irisgarria eta ondo egokitua” gura dute, eta horregatik erabaki dute lanak egitea.
Jakitera eman dutenez, 2008 eta 2009 urteetan jarri zuten eremu horretako zoladura, “hormigoizko eta granitozko galtzadarriak eta harlauzak erabilita”. Ibilgailu astunen trafikoaren eraginez, baina, zoladura kaltetu egin dela diote, eta kalte horiek konpondu gura dituzte orain egiten ari diren lanekin.
Lanok Aste Santuko oporraldirako amaituta egotea aurreikusten dute. Horiek eginda eta Lameran oraintsu jarri duten komun publiko berriagaz, Lamera “bermeotarren erabilerarako eta gozamenerako” egokitu gura dutela esan du Bermeoko alkateorde eta hirigintzako zinegotzi Idoia Platasek. Modu horretan, udal gobernuaren helburu nagusietako bat den “Bermeo eder eta egoki mantentzeko” beste urrats bat ematen dutela aipatu du, “herritarrekin hartu zuten beste konpromiso bat beteta”.