Muruetako frontoia zabalik da berriro, berritze lanak egin ostean
Frontoia eraberrituta, "amets bat egi" bihurtzen dela esan du Muruetako alkate Julen Karrionek. Pertsona guztiek erabili ahalko duten gunea dela nabarmendu du berrinaugurazio ekitaldian.
Muruetako Eleizalde Barri pilotalekuaren berrinaugurazio ekitaldia egin dute gaur (martxoak 4) arratsaldean. Hainbat hilabetetako lanen ostean, Kanpantxua auzoko pilotalekuak ateak zabaldu ditu berriro, eraberrituta.
“Amets bat egi” bihurtzen dela esan du Muruetako alkate Julen Karrionek. Frontoia berriztuta herriko kirol zerbitzuetan “aurrerapauso handia” ematen dutela dio: “Duda barik, kirol, gizarte, kultura, zerbitzu… eta beste hainbeste ekintza antolatzeko leku bat lortzen dugu herrigunean bertan. Pertsona guztiek erabili ahal izateko gunea da”. Herritarrek aspaldi egindako eskaeren ostean etorri dira berritze lanak, “lan gogor eta luzeak”. Orain, baina, beste etapa baten hasiera datorrela nabarmendu du.
Frontoiko erabiltzaileak eguraldi txarretatik babestu asmoz, frontoiaren mendebaldeko aldea zarratu egin dute. Modu horretan, frontoia erabili ahalko dute 365 egunetan; “orain arte eguraldi txarragaz ezin genuen frontoia erabili”. Orain arte egon ez diren aldagelak eta komun publikoak egin dituzte; aldagela eta komun publiko berriek frontoiaren kanpoaldetik sartzeko sarbidea daukate, “pilotalekuko erabiltzaileei eta herriari zerbitzua emateko”. Gainera, argi eraginkorragoak eta jasangarriagoak jarri dituztela esan du, LED motadunak. Eraikinaren kanpoaldea ere berritu dute –fatxada eta zorrotenak–.
Muruetarentzat “egun handia” dela esan du alkateak, oraindik aurrera frontoi “praktiko, erabilgarri eta eder bat” izango dutelako denen esku. Proiektuagaz Muruetako bizilagunen “bizi kalitatea hobetzea” eta herriko bizitza sozio kulturala dinamizatzea bilatu dute.
Lanen aurrekontua 300.000 euro ingurukoa izan da, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza desberdinak jaso dituztela aipatu dute.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua ere frontoiaren berrinaugurazio ekitaldian egon da. “Zorionak herritar guztiei. Herri txiki batetik nator eta herri txikietan frontoiaren inguruan bizimodu handia egiten da; herritarren bilgune izaten da. Frontoi honi esker kirola egiteko aukerak handitu eta hobetuko dira, eta, gainera, zerbitzu hobea eskainiko du”, esan du Bilbaok.”Eredu” ere badirela uste du Bilbaok: “Sarritan herri txikietako indarra gurako lukete herri handiek”. Busturialdeko beste herri batzuek ere Muruetan egindakoa eredu modura erabili dezaketela aipatu du.
Inaugurazio ekitaldirako jarri dituzten harmaila bete aurrean egin du ohorezko sakea Iker Aranburu Muniategi herriko pilotariak. “Pozik” zegoen Aranburu bera aukeratu dutelako frontoi berrituan ohorezko sakea egiteko. Egun berezia dela esan du herritarren aurrean, hobekuntzak herritar guztientzako onak direla nabarmenduta. Frontoiari, gainera, kirolaz gain beste erabilera batzuk emateko aukera izango dutelako pozik agertu da.
Ondoren hiru partidu jokatu dituzte. Gaztetxoek abiatu dute ikuskizuna. Lehenengo partiduan Bizkaiko txapeldun Bengoetxea II.a eta Goikoetxea, Ansola eta Urrestillaren kontra aritu dira. Jarraian, emakumezkoen txandan, Gordonek eta Anituak, Beitia eta Gaminderen kontra jokatuko dute. Eta azken partiduan, Jaka eta Uriondo ariko dira Artola eta Salaberriren aurka.