Arraunlari Beteranoen Topaketa Bermeon izango da
300 arraunlari batuko dira martxoaren 18an Bermeon; Beteranoen IV. bandera lehiatuko dute.
Mundakari lekukoa hartuko dio aurten Bermeok, izan ere, Bermeok hartuko du Arraunlari Beteranoen Topaketa Martxoaren 18an (zapatua). 300 arraunlari inguru batuko direla azaldu dute, gizon zein emakume.
Egun osoko jaia. Egitaraua Beteranoen IV. Banderak abiatuko du, 12:30etik 13:00etara bitartean. Arratsaldean, 17:00etan hasirik, esprint lehiaketa egingo dute. Gainera, topaketaren barruan bestelako egitasmoak ere antolatu dituzte. 19:30an, Lameran, sokatira eta erronka egingo dituzte arraunlarien eta tiratzaileen artean. Leku berberean, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere egongo da. Izan ere, 23:00etatik aurrera, Mikel Santiago idazleak gidatutako Deabruak taldeak kontzertua emango du.
Aurtengo topaketan hurrengo ontziek parte hartuko dute: Bilbao Arraunlari Beteranoak, Aizburua, Zumaia, Mundaka, Plentzia, Sestao, Iberia, Badok13, Itsasoko Ama, Getxo eta Alacant. Goizean jokatuko dute Beteranoen IV. bandera.
Topaketa arraunaren tradizioa eta balioak aldarrikatzeko antolatzen da, eta gainera, herritar guztientzat ikusgarri egitea dute asmo. “Topaketa hau ezinbesteko hitzordu bihurtu da beteranoen kategorian lehiatzen garen kluben eta pertsonen egutegian. Hain gurea den kirol hau, arrauna, praktikatzeko gunea da. Aldi berean, lehiaketaz haratago kirol hau praktikatzen dugunon arteko harremanak josteko eguna ere bada. Kluben eta, era berean, lurraldeen arteko anaitasun-topagunea da” adierazi du Arraunlari Beteranoen Elkarteko (ABE) presidente Jose Antonio Zubizarretak. Zubizarretak, halaber, eskerrak eman dizkie Bizkaiko Foru Aldundiari, Bermeoko Udalari, Bizkaiko Herri Kirol Federazioari, Bizkaiko Arraun Federazioari eta Cervezas La Salve enpresari eskaintzen duten laguntzagatik, bai eta topaketan parte hartzen duten klubei ere. “Horien guztien babesik gabe topaketa hau ez litzateke posible izango, bilera hau talde lanaren emaitza delako, traineru barruko garaipenak bezala”, nabarmendu du.
Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaoren arabera, hitzordu hau “kirol ekitaldi bat baino zerbait gehiago” da: “Topaketa hau kirolaren balioak aldarrikatzeko modu bat da, baita gure kultura ere. Izan ere, arrauna kirola da, baina, aldi berean, batzen gaituen zerbait da, herri gisa definitzen gaituena. Gure DNAren parte da; gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Zaindu eta mantendu beharreko aktiboa”. Gainera, Bilbaok adierazi du, topaketa hau edozein adinetan kirola egiteak duen balioa aintzatesteko modua dela.