Pertsonen ikuspuntutik kontatutako historia dakar Tartean Teatroak, Gernika-Lumora
Gerrak utzitako markei eta gerrak itzaltzearen zailtasunari buruzko hausnarketa da 'Bake lehorra' antzezlana. Zapatu arratsaldean (martxoak 4) eskainiko dute Lizeo Antzokian.
Patxo Telleriak sortu eta zuzendutako Bake lehorra antzezlana dakar Tartean Teatroak Gernika-Lumora. Zapatuan (martxoak 4) 19:00etatik aurrera eskainiko dute Lizeo Antzokian.
Sarrerak 12 eurotan egongo dira salgai, leihatilan (9 euro Laguna Txartelagaz), eta aurretiaz eskuratu daitezke kulturagernika-lumo.eus webgunean.
III. Gerra Karlistetan gertatu zen pasadizo historiko bat esplizituki kontatzen du, hau da, Amorebietako Ituna. “Ezeresean” geratu zen itun hori, bakea lortzeko “ahalegin ustela” izan zen. Horixe da antzezlanaren ardatza, baina, orokorrean, gure historiaz hitz egiten dute, Euskal Herriko historiaz. Telleriak dioenez, gaur egungo Euskal Herriko eredu politikoak eta gatazka politikoak “handik sortu” ziren: “liberalak eta karlistak, geroago konstituzionalistak eta abertzaleak… Herentzia horiek jaso ditugu, eta neurri batean, hori kontatzen du”.
Orokorrean, gerrari buruzko gogoeta bat da, eta, batez ere, gerrak pizten direnean gerrak itzaltzea zein zaila den, eta hurrengo belaunaldietan zelako oihartzuna edo marka ezartzen duenari buruzko hausnarketa plazaratzen dute.
Aipatutako gertaeraren 110. urteurrenerako, Amorebieta-Etxanoko Udaletik proposatu zieten hori gogoraraztea eta publikoari jakinaraztea. “Oso ezaguna da I. Gerra Karlistako Bergarako Besarkada bake ituna, baina beste hori ez da hain ezaguna. Euskal Herriko historia publiko orokorrak ez du ondo ezagutzen, eta izugarri garrantzitsua da ezagutzea gaur egun zer eta zergatik gertatzen zaigun hobeto ulertzeko”, azaldu du obraren zuzendariak.
Patxo Telleria (egilea eta zuzendaria): “Jendea gustura ateratzen da, eta zerbait berria ikasi duenaren sentsazioarekin”
Iazko maiatzean Zornotzan bertan estreinatutako lan honek ikusleen “iritzi eta harrera beroa” eduki du. Telleriaren lanetan beti dago ironia eta umorearentzako tartea, baina, obra honetan, barrearekin baino gehiago jokatu du emozioarekin; tarte gehiago ematen zaio emozioari, hunkiberatasunari. Haren iritziz, emanaldi honekin jendeak “asko ikasten du, eta hunkituta geratzeko momentu asko” ditu: “Orokorrean publikoa pozik ateratzen da emanaldia oso arina eta dinamikoa delako; eszena asko daude bata bestearen atzetik. Jendea gustura ateratzen da, eta zerbait berria ikasi duenaren sentsazioarekin”.
Istorioak erakarrita onartu zuen sortzeko proposamena, eta enkargu honekin egileak berak era gauza asko ikasi ditu: “Hemen kontatzen diren gauza mordoa ez nekizkien. Normalean nire lana ez dut enkarguen bidez egiten, neure proiektuak garatzen ditut konpainiarekin eta abar. Enkargu, eskaintza asko egiten dizkidate, eta normalean ez dut baietz esaten hain erraz, kasu honetan baietz esan nuen istorioak erakartzen ninduelako eta ikusten niolako bazeukala jokoa”. Antzezlan guztiak egitea “erronka” da, bakoitzak bere ñabardurak ditu eta denek daukate “beren zailtasuna”.
Datu edo gertaera historikoak kontatu behar direnean, “gauza pedagogikoegia edo dibulgatiboegia” egiteko arriskua dago, eta, horretatik urruntzea, eta emozioa bilatzea, aldi berean zailtasuna eta erronka izan da sortzailearentzat. Hortaz, pertsonen ikuspuntutik kontatutako historia da, “ez inolaz ere historiaren ikuspuntutik”. Antzezlan ” humanoa eta hurbila” da. Eszena guztietan agertzen diren pertsonaiak pertsonak dira, hezur haragizko pertsonak, eta pertsona horien bidez kontatzen da.