Atunaren jasangarritasuna izango dute hizpide Bermeo Tuna Forumean
Bilbo eta Bermeo artean egingo da Bermeo Tuna World Capital elkarteak lehenengoz antolatu duen nazioarteko foroa. Edukiera mugatua da, eta izena eman behar da.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak Bermeo Tuna Forum (BTF) antolatu du, atunaren jasangarritasunari buruz eztabaidatu eta hausnarketa egiteko nazioarteko lehenengo foroa. Maiatzaren 2an eta 3an izango da, eta Bilbo eta Bermeo artean egingo dute.
Lehenengo foro horrek atunaren jasangarritasunerako itunak sortzeak duen garrantzia eta beharra izango ditu hizpide. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, “asmo handiko” ekimena da: “mugak gainditu eta sektorearen erreferente” izateko helburua dauka.
Atun jasangarriaren enbaxadore direnen nazioarteko taldea bilduko da foroan, eta hori mundu mailan diharduten eragileek osatuko dute, atunaren balio katean eragin eta eraldaketa sozioekonomikorako gaitasuna dutenek, alegia, hain preziatuak diren baliabide haiek eta haien ekosistemak babesteko.
Helburua da arrantza industria 360º-ko jasangarritasunaren inguruagaz bat etortzea, ikuspegi oso batetik: iraunkortasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.
Ekitaldiaren amaiera modura, Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren akordioa sinatuko dute bertaratutakoek.
Hori guztia maiatzaren 2an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Jakitera eman dutenez, edukiera mugatua da, eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea: https://bermeotunaforum.org webgunera sartuta eman behar da izena.
Maiatzaren 3an, berriz, Bermeon egingo dute Munduko Atun Hirien Aliantzaren sinaduraren ekitaldi ofiziala.
Bost arrazoi nagusi daude Bermeo Tuna Forumean parte hartzeko: atunaren kudeaketa iraunkorraren alde egiteko, zientzia eta jardunbide egokien beharra dagoelako, Bermeok jardunbide onen eta sektorearen iraunkortasunaren aldeko mugimenduaren buru izan gura duelako, itsasoenganako errespetuagatik eta nazioartean behar duen aitzatespenagatik.
Adierazpena. Nazio Batuen 2030 Agendagaz eta bere Garapen Jasangarriko hamazazpi helburuekin guztiz konprometituta, Bermeo Tuna World Capital Elkarteak bultzatutako ekimena da Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Deklarazioa, “guztien artean, maila globalean konpromiso partekatuak lortzeko, atunaren balio kate osoan eragiteko eta sozioekonomikoki eraldatzeko gaitasunagaz, atuna eta bere ekosistemak bezain baliabide preziatuak babesteko”.
Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena aliantza global eta kolaboratiboa da, eta mundu osoko atunaren hiri nagusiak eta atunagaz zerikusia daukaten eragile denak bateratzea du helburu, ozeanoen eta, batez ere, atunaren eta haren harrapaketaren kudeaketagaz eta garapen jasangarriagaz konpromiso bera hartuta.
Nazioarteko Adierazpen horren bitartez, baliabide natural horren iraunkortasuna bermatzeko ekimen bat abiarazi gura dute sustatzaileek. Izan ere, baliabide hori etekin iraunkor handienetik hurbil dagoela azaldu dute. Deklarazioa sinatzen duten erakunde publikoek eta pribatuek eta gainerako eragileak ohartuta daude atunaren kudeaketa jasangarria lortzeko, eta ozeanoetako kontserbazioa eta erabilera jasangarria lortzeko hainbat konpromiso hartu beharko dituztela. Izan ere, uste dute beharrezkoak direla «lankidetza, kontzientziazioa eta lan partekatua eta jarraitua».