Tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko ekintza plana aurkeztu dute
Busturialdeko biztanleria modu osasungarrian elikatzeko, nekazaritza jardueraren bideragarritasuna erraztuko duen estrategia aurkeztu zuten astelehenean Muxikako Berroja Upategian.
Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren balioekin bat etorriz eta eskualdeko nekazaritza jarduera dinamizatzeko helburuz, 2020an lantalde bat aktibatu zuten Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, aldundiagaz, Ekolurragaz, Hazigaz, Janguriegaz, Lorragaz eta Neikerregaz batera. Lan taldeak Busturialdeko nekazaritza jarduera dinamizatzea du helburu, eta, urte hauetan prestatutako ekintza plana aurkeztu zuten astelehenean (otsailak 27), Muxikako Berroja Upategian: 2023-2024 aldirako tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea dinamizatzeko Ekintza Plana.
20 bat pertsona bertaratu ziren, bai banaka, bai tokiko eta sektoreko hainbat erakunderen ordezkari modura. “Lan saioari esker, batetik, egindako lana eta datozen bi urteetarako proiekzioa aurkeztu genituen, eta, bestetik, eskualdean garatu beharreko ekintza berrietan inplikatu ginen”, adierazi dute arduradunek.
Astelehenean ekintza plana aurkeztu aurretik, Busturialdea Urdaibaiko nekazaritzako elikagaien estrategia 2030 onartu zuten 2021ean, “nekazaritzako elikagaien sektore berritzaile, gaztetu eta lurraldera errotutako baterantz aurrera egiteko ibilbide orri modura”. Ondorioz, lehen sektoreari laguntza emateko inplikatuta dauden erakundeek ekintza plana abian jartzea adostu zuten orduan.
Hurrengo bi urteetarako plana bost arlotan dago egituratuta, eta horien artean nabarmentzekoak dira lurra eskuratzea eta nekazaritzako eragile berriak erakartzea, nekazaritza sektorearen profesionalizazioa, eta tokiko, ekologiako eta sasoiko produktuen banaketa. Zehaztu dutenez, helburu horiek bultzatzeko, “hainbat sentsibilizazio eta komunikazio ekintza” egingo dituzte, eskualdeko herritarrei hurbileko produktua kontsumitzearen garrantziari buruzko mezu bat bidaltzeko.
Talde lana. Ekintza plana ulertzeko eta aurrera eroateko, lan mahaiak sortu dituzte, hurrengo galdera hauei erantzuteko asmoz: zelan sortzen dira konfiantzazko dinamikak eragileen artean? Zelan imajinatzen dugu Ekintza Planaren jarraipena? Zelan hobetu dezakegu egiten denaren eta egingo denaren komunikazioa?. “Emaitzari esker, erakunde desberdinek elkarregaz lan egiteko borondatea egiaztatu ahal izan zuten eta eskualdean proiektu berriak garatzeko ikuspegi baikorra partekatu zuten”, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapeneko Elkarteko arduradunak.
Hain zuzen ere, proiektuan parte hartzen duten eragileen “inplikazioa, konpromisoa eta talde lana” nabarmendu ditu: “Ezinbestekoa da bat eginda egotea sektorearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Sinergiak bilatzen jarraitu behar dugu iraunkortasunaren, berrikuntzaren, eraldaketaren eta plangintza hobetzearen aldeko apustua egiten jarraitzeko”. Izan ere, dioenez, hori da eskualdeko nekazariei laguntzeko “jarraitu beharreko” bidea, eskualdeari balio erantsi bat ematen diona. “Gure nahia da jardunaldi aberasgarriak antolatzen jarraitzea”, adierazi du Ansotegik.