Talako goiko aldeko kale argiak berritu ditu Mundakako Udalak
Mundakako alkateak nabarmendu du udalak "herritarren sentimendua lehenetsi" gura izan duela, "Tala inguruko kale argien estetika errespetatuz".
Mundakako Udalak Talaren goiko aldean dauden beso anitzeko bi kale argiak ordezkatu ditu. Azaldu dutenez, 14.900 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egin dute.
Mundakako alkate Irati Gondrak azpimarratu du orain kale argiek “irudi freskoa eta berritua” daukatela, eta Talako gainontzeko kale argien “ildo estetikoagaz harmonian” doazela gaineratu du.
Gondrak nabarmendu du udalak “herritarren sentimendua lehenetsi” gura izan duela, “Tala inguruko kale argien estetika errespetatuz”; izan ere, dioenez, “oso erakargarritasun berezia eta balio emozional handia” duten kale argiak dira mundakarrentzat.
Gainera, kale argi berriek Europak ezartzen duen energia-eraginkortasunari eta argi mailari buruzko araudia “zorrotz betetzen” dutela aipatu du, eta arreta berezia jarri du “iraunkortasunean eta energia-eraginkortasunean oinarritutako” udal azpiegituretan lan egiten jarraitzeko udalaren konpromisoan.