Oier Diaz eta Urko Lekerikabeaskoa, Euskal Herriko Elite Txapelketan
Lehenengoz antolatu duten txapelketa honek, afizionatu mailako hamasei puntista batuko ditu Mutrikuko Miruaitz frontoian. Barikuan [martxoak 3] hasiko dute. Binakako partiduak badira ere, banaka lehiatuko dute; bi talde osatu, eta bi ligaxka jokatuko dituzte.
Gizonezkoen lehenengo Euskal Herriko Elite Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur [martxoak 1] Mutrikun; 16 puntista batuko ditu barikuan [martxoak 3] hasiko den txapelketak, tartean, Oier Diaz eta Urko Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak. Barikuetan lehiatuko dituzte partidak, 19:00etan, Miruaitz frontoian, eta apirilaren 14an izango da final handia.
Afizionatu mailako hamasei puntista onenak aukeratu dituzte lehenengo elite txapelketa lehiatzeko, Lekerikabeaskoa, Urreisti, Goitiandia, Alberdi, Basterra, Glz. De Matauco, C. Aguirre eta Gonzalez izango dira aurrelariak. Atzelariak, berriz; Diaz, Manci, Mugartegi, Ibarluzea, Mandiola, Uranga, Bailo eta Iturralde. Antolatzaileek adierazi dutenez, pasaden urteko eta aurtengo txapelketa ofizialetan izandako emaitzak oinarri hartu dituzte puntistak aukeratzeko orduan, zehazki, Euskal Herriko Txapelketa, Lurraldeko Txapelketa eta Federazioen arteko txapelketa.
Bariku honetan, Lekerikabeaskoak Ibarluzeagaz bikotea osatuta Urreistiren eta Manciren kontra jokatuko dute. Diaz Aguirregaz ariko da Glz. de Mataucoren eta Bailoren kontra
Formatua. Binakako partiduak badira ere, banaka lehiatuko dute; bi talde osatu, eta bi ligaxka jokatuko dituzte. Partida bakoitzeko puntuazio bat emango zaio puntista bakoitzari, horren araberako sailkapena osatuaz. “Partida guztiak ezberdinak izango dira, puntistak bikote ezberdinekin jokatzera ohitu beharko dira, formatu ezberdina da”.
Ligaxkak bukatzean puntuazio altuena dutenekin osatuko dira bikoteak, eta horien artean lehiatuko dira final-laurdenak, finalaurrekoak eta finala. Irabazleek profesionalekin lehiatzeko aukera izango dute, zehazki, 2023ko Jai Alai World Toureko bi txapelketetan parte hartzeko txartela lortuko dute. “Ezinbestekoa da harrobiko pilotariei profesionaletara ailegatzeko aukerak ematea, beraien esfortzuarekin. Txapelketa asko ditugu, baina txapelketa horiek puntistez bete behar dira, eta horretarako aukerak eman behar dizkiogu eta maila bat lortzeko ibilbidea egin dezaten”.
Irabazleek profesionalekin lehiatzeko aukera izango dute: 2023ko Jai Alai World Toureko bi txapelketetan parte hartzeko txartela lortuko dute
Mutrikuko Udalak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin batera, eta Mutrikuko Danok Bat Pilota Elkartearen laguntzarekin antolatutako txapelketa da. “Urte luzez egon da txapelketa hau antolatzeko nahia, azkenean errealitate bilakatu da”.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea pozik agertu da txapelketa Mutrikun egitearen erabakiarekin: “Miruaitzek puntista onak eman ditu, egun harrobi ederra dugu bai gizonezkoen artean, horren adibide ditugu txapelketa lehiatuko duten Urreisti eta Manci. Baina baita emakumezkoetan ere, adibide dugu Eneritz Lizardi Munduko Txapelduna. Guzti honetan badu zerikusirik Danok Bat elkarteak herrian egiten duen lanak, eskerrak eman behar diogu”.