"Aitite Santik hainbeste amestutakoa bete dugu"
Andoni Larrinagak eta Ibon Malaxetxebarriak osatutako Olabarri Trophy 4L taldeak lortu du 4L Trophy elkartasun lasterketa amaitzea. 50 ikasmaterial kilo baino gehiago banatu dituzte desertuan barrena.
Olabarri Trophy 4L taldeko partaideak, Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusuek herenegun amatatu zuten beren aitite Santiago Larrinagaren 4L zaharraren motorra, Gernika-Lumora ailegatu zirenean. Otsailaren 16tik 26ra, 4L Trophy lasterketa solidarioan parte hartu dute; Miarritzen hasi eta Marrakexen amaituta, 6.000 kilometroko bidea egin dute, eta 50 kilo ikasmaterial baino gehiago banatu dituzte.
Malaxetxebarriak “esperientzia ahaztezina” du ahotan. Alde egin orduko zeukana baino ahoskera zirraragarriagoa, sutsuagoa sumatzen zaio. “Errepikatzeko moduko abentura” izan dela dio, eta oraindik ez dituela “guztiz asimilatu” tartean pasaturiko denak. Miarritzeko irteerara iritsi bezain laster, lehengusuak zur eta lur geratu ziren, beren begien aurrean 1.300 4L ikusirik. “Itxura, mota, kolore eta egoera guztietakoak zeuden: bisualki izugarria zen. Miarritzetik atera ginenean ere, aho bete hortz geratu ginen, lehenengo etapan, Madrilera bidean, haiek denak autobidean ikusirik”, azaldu du.
Material banaketa ez da izan uste zuten formatukoa, “seguru asko, logistika arrazoiengatik”; izan ere, Malaxetxebarriak eta Larrinagak ikasmateriala egun bakarrean deskargatu zuten, eta azken horiek arduratu ziren banaketa egiteaz. “Guk apurka-apurka egitea geneukan buruan, hau da, desertuko herrietan gelditzea eta jendeari zuzenean ematea”, adierazi du.
Senideak eta lagunak joan ziren Marrakexeko helmugara, eta proiektuan lagun eduki dituztenek harrera egin zieten atzo Gernika-Lumon
Hori bai, argitu du “harro” sentitzen direla, segituan ikusi baitzuten beren autoa zela material kargarik “handienetakoa” zeramana: “Jesarlekuak ere kendu genizkion, ahal beste material eroateko; era berean, “erdi hutsik” zihoazenak ere ikusi dituzte bidaian zehar. “Hasieratik argi geneukan materiala banatzea zela helburua, eta horretara eman ditugu indarrak”. Nabigazioa izan da, Malaxetxebarriaren arabera, arreta deitu dien beste alderdi nagusia: “Basamortuko etapetan, irteera eta helmuga artean kontrol gutxiago edukiko genuela pentsatzen genuen; oro har, maila handiko antolakuntza topatu dugu eta, zentzu horretan, nabigazioa bigarren mailara mugatu da”.
Naturaren oparia. Nabigazioa gorabehera, ezagututako paisaiek eta tokiek muturreko egoerak bizitzera eroan dituzte. “Basamortuko etapak pista zabaletatik izango zirela uste genuen, baina atoan konturatu ginen bidaia gogorra izango zela, batez ere, autoarentzat. Dunetan barrena ibili gara bete-betean, egundoko beroa pasatu dugu; horregaz batera, Atlas mendilerrotik ere igaro gara, eta imajinatu ere ezin genituzkeen elurteak bizi izan ditugu. Behin, adibidez, antzina urmaela izandako eremu idor batean euritea hasi zitzaigun, eta lanak eduki genituen handik ateratzeko, hamar minututan sortu zen basatzagatik“. Auto bete material eroan zuten, eta auto bete istorio ekarri dituzte.
Hizkuntza traba izan da bidaian. Uste baino “proba frantsestuagoa” aurkitu du bikoteak. “Parte hartzaileen artean giro bikaina egon da, baina ia inork ez zekien ingelesez. Izan ere, nazioarteko hamalau parte hartzaile baino ez dira egon, eta gehienak Frantziagaz mugakide diren herrialdeetakoak, hau da, frantsesez zekitenak”, azaldu du Malaxetxebarriak.
Beren 4Lak gogor funtzionatu du. Istripu bakarra eduki zuten, probaren amaieran; halere, autoak “bikain” eutsi zien muturreko baldintzei. “Jendea harrituta utzi du mekanika arloan geneukan trebeziak, unean-uneko arazoak bizkor konpontzen genituelako”. Marrakexeko helmugan, senide eta lagunak zain eduki zituzten. “Une hunkigarria izan zen; asko negar batean egon ziren”. Atzo, autoaren muntaketan lagun izandakoek bengalekin hartu zituzten, Gernika-Lumora iristean. “Proiektuan lagundu diguten guztiak hain pozarren ikustea izugarria izan zen guretzat; zentzua eman zion egindako behar guztiari”, adierazi du.
Malaxetxebarriak, baina, beren inspirazio iturria du gehienbat gogoan: “Aitita Santi maitea”. Zer pentsatuko lukeen galdetuta, argi du: “Hark hainbeste amestutakoa lortu dugula. Bere 4La Marokoraino iritsi dela, eta hura besteko gogorra izan dela. Auto horrek oraindik baditu lasterketak egiteko, eta kilometroak betetzeko munduan zehar”.