500 mendizale baino gehiago, aurretiaz izena emanda
Ibarruriko X. mendi martxa eta lasterketarako internetez izena emandako 524 lagunetatik 110ek lasterketa egingo dute, 254k martxa luzea, eta 160k martxa laburra. Egunean izena emateko aukera ere egongo da. Urdaibai Kopako lehen proba izango da.
Ibarruriko mendi lasterketa eta martxa, Urdaibai Kopako lehendabiziko geltokia, ate joka dago. Domekan [martxoak 5] egingo dute X. ekitaldia, eta antolakuntza lantaldea martxalariak nahiz mendi korrikalariak hartzeko prest dago jadanik. Martxa luzeko, laburreko eta mendi lasterketako ibilbideak gainbegiratu dituzte, eta “guztia prest” dagoela adierazi dute Saltsamendi Kultur Elkarteko antolatzaileek. Gaur-gaurkoz, parte hartzaile kopuru “politak” eman du izena internet bidez, otsailaren 17a eta 27a bitartean. Hain zuzen ere, momentuz 524 lagunek izena eman dute aurrez. Horietatik 110ek lasterketa egingo dute; 254, ostera, martxa luzera apuntatu dira; gainontzeko 160 parte hartzaileak, berriz, martxa laburrean ariko dira.
Martxa luzeak eta mendi lasterketak hogei kilometro eta 1.100 metroko desnibela ditu; laburrak, ostera, bederatzi kilometroko eta 300 metro inguruko ibilbidea
Antolakuntza lantaldeko kideak “oso pozarren” agertu dira aurrertiaz apuntate den mendizale kopuruagaz: “Zenbaki oso onak dira, eta uste dugu egun ahaztezina izateko osagai guztiak ditugula. Pandemia orduko zifrak eta giroa berreskuratzea helburu izanik eta domekarako iragarrita dagoen eguraldi onagaz, uste dugu aurreikuspenak beteko ditugula”. Era berean, kategoria arteko banaketa “logikoa” dela argitu dute antolatzaileek. “Kopuru bakoitzak kategoria bakoitzak dituen zailtasunen eta erakargarrien berri ematen du. Lasterketak, oso ederra izan arren, prestakuntza eta sufritzeko borondatea eskatzen ditu; martxa luzeak, hogei kilometro gogor edukita ere, toki eta ikuspegi paregabeak ezagutzeko aukera ematen du; azkenik, martxa laburra familientzat edota lagun taldeentzat eskuragarriagoa izan daitekeen eskaintza da, distantzia zein desnibel aldetik apalagoa, baina nolanahi ere benetan polita”.
Egunean bertan izena emateko, “denboraz joatea” gomendatu dute Saltsamendi Kultur Elkartekoek
Eskualdeko hautagaiak. Domekan bertan hiru probetarako izena emateko aukera egongo da 15 euroren truke, baina antolatzakuntzatik aurreratu dute “denboraz joatea” nahitaezkoa izango dela: “Egunean apuntatzeko asmoa dutenei eskatzen diegu irteera ordua baino ordubete edo, behintzat, ordu erdi arinago joan daitezela, jende pilaketak edota azken orduko presak saihesteko”. Martxa luzekoak izango dira irtetzen lehendabizikoak, 08:30etan. Mendi lasterketakoak 10:00etan aterako dira, eta martxa laburrekoak, aldiz, 10:15ean. Lehen bi blokeetakoek hogei kilometroko eta 1.100 metro positiboko desnibeldun ibilbidea egingo dute, puntu gorena Oiz mendiko San Kristobal baseliza izanik. Ibilbide laburreko parte hartzaileek, beren aldetik, bederatzi kilometro eta 300 metroko desnibel positiboa bete beharko dituzte, Askari mendi inguruan barrena.
Hautagaiez galdeturik, Saltsamendikoek “eskualdeko mendi korrikalaririk onenak” irteera lerroan egongo direla adierazi dute: “Gizonezkoen artean, iazko garailea, Julen Aranguena kortezubitarra, egongo da; beragaz batera, Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra edota berriki Gernika-Lumon Etxera Trail irabazi duen Kepa Bastegieta gernika-lumotarra ere bai. Dena dela, urtero-urtero kanpoko lasterkariren bat edo beste ere bertaratzen zaigu, lasterketa beren kirol egutegian ondo egokitzen zaielako, eta ezustekoa ematen du”. Helburu nagusia, emakumezko lasterkarien parte hartze sustatzea, “bidean” dagoela adierazi dute: “Emakumeek parte hartzeko osagai guztiak ipini ditugu, eta horretarako lanean jarraituko dugu; eskualdeko zenbaitek izena eman duten arren, genero arteko arrakala agerikoa da oraindik, eta hori apaldu beharra dago”.
Antolatzaileek umeentzako jolas eremua jarriko dute irteera eta helmuga gunean
Egunotako euriteek eta hotzak ibilbideak “apur bat lokaztu dituela” azaldu dute, bestalde. “Asteongo elurteak urtzeak zenbait eremu basazturik egotea ekarriko du, baina uste dugu beste urte batzuetan baino baldintza hobeak topatuko ditugula; zentzu horretan, ez da inongo arazorik egongo”. Horrez gain, ibilbide luzeko martxalariek eta lasterkariek anoa postu bi topatuko dituzte bidean, helmugakoaz gain. Irteera eta helmuga gunean, gainera, umeentzako jolas eremua egokituko dute antolatzaileek. “Kirolaz eta mendiaz gozatzeaz gain, egun osoko plan atsegina proposatu gura dugu, parte hartzaileek eta beren laguntzaileek hurreko eta lagunarteko giroaz goza dezaten”.