Xixili prest dago berriro, Bermeora sartzen diren itsasontziei ongi etorria emateko
EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasle eta ikasleek egindako proposamen batean oinarrituta, Portu eta Itsas gaietako Zuzendaritzak egin ditu lanok azken hiru hilabeteetan.
Azken aldian estalita egon da Lamerapunteko dikean kokatuta dagoen eta bermeotarrentzat “oso esanguratsua eta berezia” den Xixili eskultura. Zaharberritze lanak egiten ibili dira, 1980an dikean kokatu zutenetik ez baitu mantentze lanik ezagutu. Orain, orrazi originala eta guzti prest dago berriro ere, Bermeora sartzen diren itsasontziei ongi etorria emateko.
Zaharberritze lanen emaitza bertatik bertara ezagutzeko dikera bisita egin dute gaur. Bertan egon dira, besteak beste, Aitor Etxebarria Portuetako zuzendaria, Idoia Platas Bermeoko Udaleko alkateordea, Mundakako alkate Irati Gondra, Alex Fernandez, Ignacio Fernandez Butron eskultorearen semea eta Asier Romero EHUko kidea.
EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasle eta ikasleek 2021ean egindako lan proposamenean oinarrituz egin dituzte zaharberritze lanak. Jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak 38.190 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du lanotan, eta hiru hilabeteko epean egin dituzte.
Asier Romeroren ustez, Xixili eskultura “irudikapen oso originala” da. Beheko aldean harrizko idulki bat dago, hiru arrantzaleren buruak irudikatzen dira, eta ahoa zabalik daukate, “garrasika egongo balira modura”. Goikaldean, berriz, Xixili lamia dago. Emakume baten gorputza, besoak eta burua dauzka, arrainaren buztana, baina, ahatearen oinak. “Inguruko lamien irudikapena da hori”, dio Romerok.
Xixilik eskuetan daukan orrazia ere ez du ahaztu gura izan, “oso sinbolikoa baita”, eta azkenean Xixiligaz batera ikusgai jarri dute. Gogora ekarri gura izan du eskultura inauguratu eta hilabetera orrazia desagertu egin zela: “Orduan denok uste genuen norbait etorri zela eta eroan egin zuela. Gerora, baina, urpekari batzuk aurkitu zuten inguruan, eta Bermeoko portu zuzendaritzaren esku utzi zuten. Pisu handia dauka orraziak, bi kilo inguru ditu. Orduan normala da eskuak pisu horregaz ezin izatea. Butron ere harrituta geratu zen orrazia iritsi zitzaionean. Orain, baina, oso ondo finkatuta utzi dute”.
Itsasotik datozen enbata eta giro gaziaren ondorioz, kalte larriak zituen eskulturak. Lamiaren zenbait atal galtzeko arriskuan zeuden hormigoiak bere sendotasuna galduta zeukalako, irudiaren osotasuna eta ezaugarriak galzorian jarriz.
Duela bi urte, Romerok, Bermeoko ondare materiala eta immateriala biltzeko erabiltzen duen Itsosupeteko ondarea webgunean, Xixiliren orraziari buruzko istorioa kontatu gura zuen, eta lekura hurbildu zen argazkiak ateratzeko; «Xixiliren egoera tamalgarria zela konturatu nintzen».
Sasoi hartan EHUko Hezkuntzako dekanoa zen eta Arte Ederretako dekanoagaz harremanetan jarri zela aipatu du. Hala, Jose Luis Larrañagaren gidaritzapean, Miren Oteros ikasleak eskulturaren azterketa teknikoa, kontserbazio egoeraren diagnosia eta premiazko esku-hartzea egin zituen, Gradu Amaierako Lan gisa; “hamabost eguneko lana egin zuten”.
Handik urte batera, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak lanak esleitu zituen. Portuetako zuzendari Aitor Etxebarriak eskerrak eman dizkio Xixiliren eskultura egin zuen Ignacio Fernandez Butroni, eta eskultorea bera “gaixorik dagoelako” ezin izan bada etorri ere, haren semearen presentzia eskertu du. Eskerrak eman dizkie ere, momentu hartan Xixili eskultura jartzeko proiektuan parte hartu zuten guztiei. “Orain etorkizunean eskultura hemen ondo egoteko ardura hartuko dugu, pozik”, esan du Etxebarriak.