50 jarduera baino gehiagogaz dator Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea
Besteak beste, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Busturiko Ekoetxea Urdaibain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Gernikako Bakearen Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen "ekintza bereziak eta esklusiboak" eskainiko dituzte martxoan.
Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea aurkeztu dute gaur goizean (otsailak 28) Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Martxorako 50 jarduera eta 100 plan baino gehiago proposatzen ditu prestatu duten programazioak. Horietako batzuk Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Busturiko Ekoetxea Urdaibain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Gernikako Bakearen Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen izango dira.
Gorka Odriozola Euskal Kostaldeko Museoen Sarearen koordinatzailea eta sareko zentroetako ordezkariak bildu dira agerraldian. Aixa Gaztelu Bermoko Arrantzaleen Museoko eta Bakioko Txakolin Museoko zuzendariak gogoratu duenez, Arrantzaleen Museoak aurten 75 urte beteko dituelako egin dute bertan aurkezpena: “Urteurreneko programazio berezi bat prestatzen ari gara, eta datozen egunetan aurkeztuko dugu”.
“Eskaintza zabala eta askotarikoa”. Azken urteetako apusturi eutsita, beste behin, “ekintza bereziekin eta esklusiboekin” bete dute martxoa, bisitariek esperientzia horietaz “urtean zehar ezin dutelako gozatu”. Familientzako tailerrak, umeentzako jolasak eta tailerrak, bisita gidatu bereziak, ate irekien jardunaldiak, dastaketak, zuzeneko ikuskizunak, itsasontzian irteerak… eskaintzen ditu Euskal Kostaldeko Museoen Hilabeteak. Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta ez direnentza “prezio bereziak” zehaztu dituzte. Eskaintza “zabala eta askotarikoa” dela azpimarratu du Gazteluk: “Adin guztietako publikoari zuzendutako ekintzak diseinatu ditugu. Ezagutzen gaituztenak zein oraindino museoetara hurreratu ez direnak eskaintzen duguna deskubritzera animatzen ditut. Jarduerek gure tradizioekin lotura handia daukate”.
Esate baterako, Arrantzaleen Museoan, itsasoaren inguruko bizimodua, lanbideak eta harremanak zabalduko dituzte. Horretarako, domeka honetan (martxoak 5) Gure sareginak umeentzako tailerra emango dute; Saregin baten eskutik, portuko lanak (bereziki emakumeenak) ezagutu eta arrantzarako sareak zelan egiten eta konpontzen diren ikasi ahalko dute umeek. Eguenean (martxoak 9), berriz, Geu be bagara itsasoa mahai inguruan, Labayru Fundazioak emakumeen lan horiei buruz egindako lana aurkeztuko du Akaitze Kamiruaga ikerketa lan horren arduradunak, eta proiektuan parte hartu duten andrek beraien bizipenak kontatuko dituzte.
Gernikako Bakearen Museoan, ostera, ate irekien jardunaldia izango da zapatukoa (martxoak 4), eta, beraz, doan bisitatu ahalko da 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Busturiko Ekoetxea Urdaibaik itsasontziz irteera egiteko plana dakar martxoko lehenengo asteburu honetarako. Zapatuarako (martxoak 4), Bermeoko portutik irtenda, Kostaldeko geologia itsasontziz. Ogoño irteera antolatu dute, Izaroko flysch beltza eta Ogoño lurmuturra bertatik bertara ezagutzeko.
Hamar urteko ibilbidea. 2012ko irailean aurkeztu zuten Euskal Kostaldeko Museoen Sarea, Basquetourrek hauspotuta, eta, gaur egun, 38 zentro daude, kudeaketa publikoa zein pribatua daukatenak. Eskaintza turistiko bati forma eman, balioan jarri eta bai bertokoentzat bai kanpotik datozen bisitarientzat kostaldeko eskaintza kulturala zabaltzeko helburuekin jaio zen sarea. Era berean, elkarlanerako eremua edukitzea ere bazen helburua. “Bizkaiko eta Gipuzkoako museo, interpretazio zentro eta ondare lekuen kudeatzaileen arteko elkarlanerako aukerak ahalbidetzea zen asmoa”, azaldu du Iratxe Momoitio Gernikako Bakearen Museoko zuzendariak. Asmo horregaz antolatu zuten, lehenengoz, Euskal Kostaldeko Museoen Eguna, 2013ko ekainean. Ondoren, elkarlaneko ekitaldi hori martxora aldatu, eta ekintzak hilabete osora zabaltzea erabaki zuten.
BUSTURIALDEKO ESKAINTZA:
BERMEO (Arrantzaleen Museoa):
- Martxoak 5 (11:30-13:00). Gure sareginak umeentzako tailerra, doan. Erreserba: 94-688 11 71 / arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus.
- Martxoak 9 (18:00-19:00). Geu be bagara itsasoa mahai ingurua, doan.
- Martxoak 25 (10:00-16:00) eta 26 (10:30-14:30). Ate irekiak.
BUSTURIA (Ekoetxea Urdaibai):
- Martxoak 4 (16:45-17:45). Kostaldeko geologia itsasontziz. Ogoño, Bermeoko portutik
irtenda. Izen ematea: www.ekoetxea.eus. Tarifak: 6 urtetik beherakoek doan; 6-16 urte
artekoek 7 euro; 16 urtetik aurrerakoek 12 euro. - Martxoak 4 (17:00-18:30). Erronka klimatikoari buruzko Terminus jokoa, doan. Izen
ematea: www.ekoetxea.eus. - Martxoak 12 (17:00-18:30). Ekoetxea Urdaibai, biosfera erreserba bisita gidatua, doan. Izen ematea: www.ekoetxea.eus.
- Martxoak 18 (10:30-13:00). Matxitxako lurmutarraren ibilbide historiko naturala.
Izen ematea (2 euro): www.ekoetxea.eus. - Martxoak 25 (11:00-13:00). Tantaz tanta tailerra, doan. Izen ematea: www.ekoetxea.eus.
- Martxoak 26 (11:30-12:30). Ur tanta zientzia ikuskizuna, doan. Izen ematea: www.ekoetxea.eus.
GERNIKA-LUMO (Euskal Herria Museoa):
- Martxoak 7, 12, 20 eta 27 (12:00). Emakume artean paseatzen
bisita gidatua, doan. Izen ematea: euskalherriamuseoa@bizkaia.eus / 94-625 54 51. - Martxoak 18 (16:30) eta 19 (11:30). Emakumea eta itsasoa familia tailerra, doan. Izen ematea: euskalherriamuseoa@bizkaia.eus / 94-625 54 51.
- Martxoak 18 (10:00-14:00/ 16:00-19:00) eta 19 (10:30-14:30). Ate irekiak
GERNIKA-LUMO (Gernikako Bakearen Museoa):
- Martxoak 4 (10:00-14:30/16:00-18:00). Ate irekiak.
KORTEZUBI (Santimamiñe):
- Martxoak 25. Itsasoa Santimamiñen bisita gidatua, doan. Izen ematea: 94-465 16 57/santimamine@bizkaia.eus.
- Martxoak 26 (12:00). Umeentzako tailerra, doan. Izen ematea: 94-465 16 57/
santimamine@bizkaia.eus.