Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera batu dira Urdaibaiko hamalau enpresa
Atzo arratsaldean batu zen Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren Foro Iraunkorra, Ekoetxea Urdaibain.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunagaz (TJEG) bat egin dute Urdaibaiko beste hamalau enpresa berrik, eta atzo arratsaldean jaso zituzten ziurtagiriak Ekoetxea Urdaibain egindako TJEGren Foro Iraunkorrean.
Guztira, 30 dira TJEGra atxikituta dauden bertoko enpresak, izan ere, 2021ean hamasei enpresak jaso zuten ziurtagiria. Honako hauek dira atzo ziurtagiria jaso zuten enpresak: Etxelaia, Iberreko Errota, Nafarrola, Angiz. Hegaluze, Urdailife Bermeoko, Gernika-Lumoko eta Mundakako Turismo Bulegoak, Urdaibai Bird Center, BBK Klima, Ekoetxea Urdaibai, Arroyabe Kontserbak eta Talleri Barria upeltegia.
Ziurtagiriak banatu aurretik, hala ere, TJEGren Foro Iraunkorrean, turismo jasangarriaren arloan landutako ekintzak aurkeztu zituzten, eta, era berean, 2023rako Ekintza Plana proposatu zuten.
TJEGren Foro Iraunkorra 39 kidek osatzen dute, Urdaibai eskualdeko garapen turistikoarekin konprometituta dauden pertsonak eta erakundeak, enpresak, elkarteak, tokiko garapeneko taldeak eta administrazioak, tarteko. Aipatu foroa “ezinbestekoa” dela diote Ekintza Plana “behar bezala” ezartzen dela ahalbidetzeko, bai eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lanean aritzeko ere, “iraunkortasuneranzko partaidetza-irizpideetan oinarrituta”.
Gogorarazi dutenez, TJEG Europarc Federazioaren bereizgarria da, eta turismoaren eta naturgune babestuen arteko bizikidetza egiaztatzen du. Urdaibai Biosfera Erreserbak, TJEGk egiaztatutako gune gisa, partaidetza eta eztabaida-organo bat du. Egitasmo honen barruan Urdaibaiko gutunari, nahiz sektore turistiko jasangarriari lotutako eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egiteko aukera bermatzen da.
TJEG egitasmoak turismoaren garapena bultzatzea du erronkatzat, iraunkortasunaren ikuspegitik. Gaur egun, 168 dira Europan TJEGri atxikituta dauden zonaldeak, hogei herrialdetan banatuta. Urdaibai Biosfera Erreserba Turismo Helmuga Jasangarri modura ziurtatu den Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehenengo gune babestua izan da.