Elkarbizitzaren aldeko abenturazko istorio bat, Lizeo Antzokian
'Munduari itzulia 80 egunetan' ikuskizuna dakar Glu Glu konpainiak Gernika-Lumora. Musika eta umorea oinarri hartuta, erritmo bizkorreko abenturazko istorioa eskainiko dute domeka honetan (otsailak 26), Lizeo Antzokian.
Julio Verneren Munduari itzulia 80 egunetan eleberri ezagunean oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute domeka honetan (otsailak 26), 12:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Glu Glu antzerki konpainiaren lanetan ohikoa den bezala, antzezlanaren tonu nagusia komikoa eta musikala izango da.
Sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai leihatilan (3,75 euro Laguna Txartelagaz), eta aurretiaz eskuratu daitezke kulturagernika-lumo.eus webgunean.
Kultur aniztasuna. Ugaitz Alegriak zuzenduta, elkarbizitzaren alde egiten duen abenturazko istorio bat dakarte Andrea Covadonga, Jon Casamayor, Sara Barroeta eta Leire Ormazabal aktoreek. Izan ere, liburuaren egokitzapen honetan, gure herritik irten gabe mundu osoko pertsonekin bizi garela erakutsiko dute, eskolan, kaleetan, auzoetan zein parkeetan: “80 minututan herritik irten gabe mundu osoko pertsonekin bizi daitekeela erakustea erronka ederra da”. Jokoak, fantasiak, abenturak eta komediak elkarbizitzaren aldeko “benetako gizarte plurala” irudikatuko dute, sustraiak, ohiturak eta aberastasun kulturalak erakutsita.
Vernek eleberrian giro alaia eta une komikoak proposatzen ditu, eta Alegriak ere horiek eroan ditu eszenatokira. Era berean, idazle frantsesaren kontakizuna erritmo bizkorreko abenturazko istorioa da, eta antzezlana ere horrelakoa da. Obra sortzeko trama nagusia hartu dute hari narratibo gisa, eta liburuko zenbait eszena ezagun irudikatzen dituzte. Zuzendariak pertsonaia berriak sortu ditu beharrezkoa den garapen dramatikoa eraikitzeko, eta eleberrian bezala, erlojuak berebiziko garrantzia izango du, baina 80 egunen ordez, 80 minutu izango dira, eszenako emanaldiaren ia denbora erreala.
Ohiko elementu eszenikoez gain, pantaila bat izango da “gure herrian bizi diren haur errealak eta jatorrizko tokietako paisaiak erakusteko”. Abestiak eta dantzak antzerki-ibilaldi honetarako hariak dira, eta zirku-elementuek leku exotikoak eta garraiobideak irudikatuko dituzte (itsasontziak, trenak eta globoa), etxeko ganbaratik mugitu gabe.
Publikoa ez da lekuko soila, abenturan murgiltzea da xedea. Ikusleak gertaeren lekuetan izango dira, entzundakoari esker eszenatokitik eta besaulkietatik bidaia egingo dute. Asmoa da soinuari esker ikusleak dramaturgiaren parte izatea, hau da, ikuslegoa abenturaren “parte aktibo” izatera gonbidatzen dute: “Horretarako soinua ez da soilik eszenatokiko iturri konbentzionaletik etorriko, baita estrategikoki jarritako iturrietatik ere. Entzumenaz baliatuta ikusleek leku anitzetako giroa biziko dute eta garraiobide bakoitzak igorritako emozioak eta dardarak sentituko dituzte”.