Surfeko I. mailako entrenatzaile ikastaroa emango dute
Ikastaroa apirilaren 1ean hasiko dute, baina aurretiazko izen ematea martxoaren 3a bitartean egin behar da.
Busturialdeko gazteria zerbitzuek gaur egungo surf eskola eta entrenatzaile arloaren profesionaltasunaren alde apostua egiten dute, eta, horregatik, Surfeko I. mailako entrenatzaile ikastaroa antolatu dute, “eskualdean entrenatzaile eta irakasle trebe eta profesionalak sortzeko asmoz”.
Parte hartzeko nahitaezkoa izango da gutxienez DBHko titulua izatea eta federatuta egotea, eta lehentasuna daukate Gaztedi Busturialdea proiektuaren barruan dauden eskualdeko udalerrietako 35 urtera arteko gazteek, hau da, Ajangizen, Arratzun, Bermeon, Busturian, Elantxoben, Ereñon, Errigoitin, Forun, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Kortezubin, Mendatan, Morgan, Mundakan, Muruetan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan erroldatutakoak). “Gaztedi Busturialdea proiektuan parte hartzen duten herrietan erroldatutako 35 urtera arteko gazteek dirulaguntza izango dute matrikularen prezioa ordaintzerakoan”, azaldu dute.
Ikastaroa apirilaren 1ean hasiko da. Interesa dutenek, www.gaztedibusturialdea.eus webgunean aurretiaz izena eman behar dute derrigorrez; horretarako, martxoaren 3ra (barikua) arteko epea dago. Bertako formularioa bete eta bidali behar da. Gero, berriz, Bilboko Harrobia Lanbide Ikastolan (Harrobi plaza 4) izena eman beharko dute, martxoaren 6tik 17ra (astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara dago zabalik).
Era berean, izena eman dutenen artean onartutakoek ikastaroa egin ahal izateko, martxoaren 31n sarbide proba izango dute. Mundakan egingo dute 16:00etatik aurrera, eta sarrera-proba espezifikoa gainditu beharko dute hori.
Ikastaroaren zati espezifikoa apirilaren 1ean, 2an, 15an, 16an, 22an eta 23an eta maiatzaren 6an, 7an, 13an eta 14an izango da, Mundakan, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etarako ordutegian. Zati komuna deritzena, berriz, online izango da ekainaren 5etik uztailaren 1era bitartean.