Gaurtik aurrera erabili daiteke Lameran jarri duten komun autogarbigarria
Argazkia: Bermeoko Udala. Bermeoko Udalak Lameran jarri duen komun autogarbigarri publikoa gaurtik erabilgarri dago. Herritarrek hainbatetan egindako eskaera dela esan dute udaletik, 2022ko aurrekontu proiektuaren baitako zerbitzua dela nabarmenduz. Bermeoko Udalak 48.300 euro inguru (BEZa barne) bideratu ditu aipatu komun publikoa jartzera.
“Udaletik, beste behin ere, herritarren eskaerei erantzun gura izan diegu, eta berez garbitzen den bainu publiko hau Bermeoko gune jendetsuenetako batean jarri dugu. 2022ko aurrekontuetan hartutako beste konpromisoetako bat gauzatu dugu. Bide batez, herritarrei dei egiten diegu instalazioak behar bezala erabili eta zaindu ditzaten”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Komunerako “kalitate handiko” materialak erabili dituztela azaldu dute. Bakarrik garbitzen da eta erabilera mistokoa da. Kanpoan, gainera, alboetako batean, hiru pixatoki ditu kanpoan eta iriste erraztasuna bermatzen du. Barrua, berriz, etengabe aireberritzen da. Jendearen presentzia detektatzen du, eta alarma programarria dauka; komunean gehienez egon daitekeen denbora agortzean pizten dena. Gainera, aniztasun funtzionala daukaten pertsonek komuna erabili ahal izateko behar diren elementuak ere baditu. Behin erabilita, automatikoki garbitzen da.
Instalazioa segurua dela diote, barruan harrapatuta geratu daitezkeen pertsonak erreskatatzeko sistema duena, eta bainugela barruan, berriz, erabilera-moduari buruzko informazioa dauka euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta braillez.