300 landare baino gehiago landatu dituzte Muruetan
Argazkia: BaSOS elkartea. BaSOS Elkartearen eta Lurgaia Fundazioaren deialdiari erantzunez, hamazazpi pertsonak parte hartu zuten Muruetako landaketan, atzo (otsailak 19). Antolatzaileen berbetan, “gustura” aritu ziren, eta 311 landare sartu zituzten: 100 aretx, 70 artea, 70 ereinotz, 26 gaztainondo, 25 astigar eta 20 elorri zuri.
Urdaibaiko BaSOS Elkartea eta Lurgaia Fundazioa lehenengoz aritu dira elkarlean. 09:30ean Kamiñoko jatetxearen aparkalekuan batu ziren, eta handik hurbil dagoen lursailean ari ziren 13:30ak aldera arte.
Mintegia. Bestalde, BaSOS Elkarteko kideek azaldu dute bertoko landareen mintegi bat egin dutela Gorozikan; besteak beste, aretxak, arteak eta ereinotzak sartu dituzte bertan: “Taldekide baten lursailean dago, eta landare txikiak landatu ditugu, datorren urtean, neguan, landaketa egiteko. Lehenengoz egin dugu mintegia, proba izango da”. Elkarteko bi kidek mintegiei buruzko ikastaro txiki batzuk egin dituzte, eta ikusi dute “etekin handia” atera ahal dela horietatik: “Gure eta inguruko lursailetan landatzeko espezieak bertan geuk hazi ahal ditugu, eta, inguruan ezkurrak eta haziak batuta, eta landarak lortuta landatu. Hori ere etorkizun batean hobetzeko asmoa daukagu; oraindino ez dakigu oso ondo zelan irtengo den eta”.

Argazkia: BaSOS elkartea.