Jardun koordinadorak apirilaren 9an Gernika-Lumon egingo duten Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu du
Koordinadorako kideen arabera, Aberri Eguna Euskal Herri Langileak Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak eman, eta antolaketa marko propioen bitartez, hori eraikitzeko gurarian berresteko eguna da.
Jardun koordinadorak aurten ere Gernika-Lumon ospatuko du Aberri Eguna, apirilaren 9an, eta Euskal Herriko langileei bertan parte hartzeko gonbidapena eginez, agerraldia egin dute goizean, Gernika-Lumoko Seber Altube Auditorioan.
Aberri Eguna, Euskal Herri Langilearen identitatea aldarrikatuz, bere suntsiketara bideratutako estrategiari aurre egiteko eguna dela esan dute, aldarrikapenaren bitartez kontzientziazioari ekiteko eguna: “Langileok banatuta eta esplotatuta mantendu nahi gaituztenen jazarpenaren aurrean, elkartasunerako eta batasunerako eguna dugu”. Azpimarratu dute Euskal Herri Langileak Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak eman, eta, antolaketa marko propioen bitartez, hori eraikitzeko gurarian berresteko eguna dela.
Izan ere, koordinadoraren kideen berbetan, ukazioa da espainiar eta frantziar estatu kapitalistek Euskal Herriaren kontra darabilten “arma nagusia”, haientzat, Euskal Herria ez baita existitzen, eta “Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza asmakizuna baino ez da”. Agerraldian esan dutenez, langileak “merkantzia hutsa dira” estatu kapitalisten begietan, identitate nazionala merkatu bateratua lortzeko oztopo den heinean: “Gauzak horrela, merkatu bateratua indartzeko eskulanaren homogeneizazioa lortze aldera, identitatearen elementuak suntsitzen dituzte, eta azpiratutako herri langileen kontzientzia nazionala asimilatzeko eta hauek alienatzeko mekanismo ezberdinak jartzen dituzte martxan. Horretarako, nazio identitatearen oinarri diren elementuen aurka jotzen dute etengabe”.
Gogoratu dute Euskal Herria bi estaturen barruko bost administraziotan banatuta dagoela; “inposatutako muga artifizialen bitartez, Euskal Herriko langileon arteko banaketa fisikoa sustatzeko eta hau ideologikoki errotzeko baldintzak jartzen dituena”. Argudiatu dute muga horiek Euskal Herriak pairatzen duen okupazio militarraren eskutik “eratorritako armen biolentziaren mehatxupean sostengatutakoak” direla. Bide beretik, instituzionalismoaren bitartez, euskal kultura “folklorera kondenatzen” dihardutela uste dute. Euskararen egoera ere “ez da hobea”, estatuek ondo neurtutako hizkuntza-politikak baliatzen dituztelako diglosia-egoera sustatzeko, eta hori euskara “desagerrarazteko baliabide nagusi moduan baliatzeko”. Aipatu bezala, mekanismo horiek guztiak “ezkutatzeko eta normalizatzeko” orubea da ukazioa.
Beste behin azaldu dutenez, Euskal Herri Langileak pairatzen duen klase zapalkuntzaren baitan ulertu behar da nazio auzia: “Espainiar eta frantziar estatuen burgesiaren proiektu politikoaren gauzapenerako traba direnez gero, honen aurka jotzen baitute jomuga gisa”. Euskal burgesiari errealitate horren konplize izatea leporatzen diote, langileen arteko banaketa bultzatu, eta, aldi berean, estatuetako burgesiarekin mantentzen duen deman “hobariak lortzeko presio elementu gisa baliatzen duelako nazio auzia”. Beraz, argi daukate Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta egoera klase gatazkaren ondorio eta isla direla, aldi berean.
Horren guzti horren aurrean, berretsi dute antolakuntza eta mobilizazioa direla Euskal Herri Langileak jasaten duen zapalketa iraultzeko “eskura dituen tresnarik garrantzitsuenak”.