Ekitaldi honetarako aurreikuspenetan ziurgabetasuna da nagusi. Nahiz eta Europak Espainiako ontzidiarentzako zenbatekoa zehaztu, euskal arrantzaleek oraindik ez dakite kopuru oso horretatik zenbat dagokien.
Baxurako ontzidia kezkatuta dago. Izan ere, oraindik ez dakite zein izango den aurtengo berdel kuota. Europako Batasunak aurtengo harrapaketen guztizko onargarrietarako hartutako erabakietan 29.439 tona zehaztu ziren Espainiako ontzidiarentzako. Baina Bizkaiko Kofradien Federazioko bozeramaileek diote oraindik ez dakitela zenbat esleituko dieten, ezta iragarritako %20tik %30era igoko den ere: “Madrilek dagokigun kuota zehazteko zain gaude”.
Beraz, ekitaldi honetarako aurreikuspenetan ziurgabetasuna da nagusi. Kuotaren ziurgabetasunari, gainera, erregaiaren arazoa gehitu behar zaiola diote. Izan ere, 2022an Espainiako Gobernuak erregaiari emandako laguntzekin arrantza ontzien gastua %70 handitu bazen, aurten, laguntzarik gabe, “katastrofikoa” izan daitekeela diote. “Uste dugu Eusko Jaurlaritzak laguntzaren bat edo beste emango duela, baina alor horretan ere ez dagoe ezer zehaztuta”, esan dute. Batazbeste, arrantza ontzi batek 40.000 euro gehiago gastatu zituen iaz erregaian, eta kontsumitzaileek arrainagatik gehiago ordaintzen duten arren, esan dute igoera hori ez dela islatu arrantzaleen irabazietan.
Arrantzaleek diote oraindik ez dutela nabaritu berdel bankuak azaleratzen hasi direnik. “Arrain pelagikoa da, neguan eremu sakonagoetara joaten da, eta hondoan mantentzen da; udaberrian, berriz, azaleko geruzetan migratzen hasten dira, eta orduan harrapatzen dira”. Azaldu dute normalean berdelaren arrantzua martxoa erdirako edo hasten dela. “Uste dugu Madrilek datorren asteko martitzenerako-edo zer edo zer esango duela”. Edonola ere, otsailaren 27an arrantza ontziak itsasora atera behar direla gogorarazi du Arantzamendik.