Trantsizio "ekologiko eta sozial justuaren" alde egingo dute zapatuan Ean
Jauzi Ekosoziala dinamikak deituta, "trantsizio ekologiko justu" bat aldarrikatzeko batuko dira zapatuan, Ean. Pobrezia eta xahuketa "txanpon beraren bi aldeak" direla azpimarratu dute, eta, horrenbestez, pobrezia energetikoaz aritzean, energia xahutzeaz berba egin beharko litzatekeela diote.
Jauzi Ekosoziala sortu dute, pobrezia eta xahuketa energetikoaren kontrako hainbat ekintza egingo dituen dinamika. Energia eta klima krisia “bere osotasunean” landuko dituen kanpaina bat abiatuko dute Pobrezia Energetikoaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (otsailak 17) bueltan egingo dituzten elkarretaratzeekin, Haien luxua, gure faktura lelopean. Hain zuzen ere, Busturialdean, Ean batuko dira zapatuan, 13:00etan, Eskolondon.
“Mundu mugatu honetan” pobrezia eta xahuketa “txapon beraren bi aldeak” direla azpimarratu dute dinamikako kideek, eta, horrenbestez, pobrezia energetikoaz aritzean, energia xahutzeaz berba egin beharko litzatekeela azpimarratu dute. “Munduak mugak ditu, baina diru goseak ez. Horregatik ditugu hainbeste krisi eta faktura azken aldian”, adierazi dute, eta, ondorioz, ideia horretan oinarrituta, “trantsizio ekologiko eta sozial justuaren” alde egingo dute zapatuan Ean.
Aldarrikapenak.
Pobrezia Energetikoaren Aurkako Nazioarteko Egunari tiraka, pobrezia energetikoa amaitzea, energia publifikatzea, erregai fosilak ez erabiltzea eta luxua mugatzea aldarrikatuko dute.
Krisi ekologikoa eta soziala elkar hartuta ulertzen dituztenez, zenbait datu kaleratu dituzte, egungo krisi energetikoaren onuradun nagusiena den Iberdrolari buruz. “Iberdrolak 3.000 milioiko irabaziak izan zituen iaz, baina gure lurraldean 100.000 pertsona baino gehiago daude pobrezia energetikoan. Onartezina da” adierazi dute.
Horrez gain, energia publifikatzeko eskatuko dute, “eskubide bat” dela aldarrikatuz eta ez dela negozioa esanez: “Osasuna edo hezkuntza publikoak badira, zergatik ez energia?”. Gasagaz, petrolioagaz eta ikatzagaz amaitzea ere euren aldarrikapenen artean daude, klima eta natura babesteko horiekin “amaitu” beharra dagoela uste dutelako.”Sinplea da, fosilak utzi ala fosil bilakatu. Geratzen zaigun klima eta natura babestu behar ditugu, Hego Euskal Herriko ziklo konbinatuko zentralen itxieratik hastiz”, diote.
Bestalde, aberatsak “ez direla jasangarriak” uste dute: “Mundua pastel baten modukoa da: batek asko hartzen badu, beste batek gutxi. Denok nahikoa izan dezagun, goitik xahutzea mugatzen hasi behar dugu. Estatu espainiarrean, aberatsenek jende arruntak baino 5 aldiz CO2 gehiago isurtzen dute. Denek nahikoa izateko xahuketa goitik mugatu behar da: aberatsak ez dira jasangarriak”.
Aurrekariak.
Asteburuko elkarretaratzeekin, iragarritako urratsak ematen ari dira Ekotopaketen bultzadaz ekologismoaren bueltan antolatu zirenak. Urrian egindako topaketetan lan dinamika bategaz hastea erabaki zuten, eta trantsizio ekologiko “justua” aldarrikatuz hasiko dute euren ibilbidea. “Ekotopaketetan dugu jatorria. Euskal ekologismoan jauzi kualitatibo bat sustatzea izan da beti gure asmoa. Ekotopaketetan erabaki zen tresna berri bat artikulatzea beharrezkoa zela, eta hemen duzue”, azaldu dute.