Bizkaia Eskola Kirola aplikazioa sortu dute
Bizkaia Eskola Kirola aplikazioa aurkeztu dute gaur goizean (otsailak 16). “Topaleku birtual” modura sortu dute, izen bereko programaren kudeaketa errazteko. Azaldu dutenez, aplikazioak Bizkaiko eskola-kirolarien “senideak jartzen ditu erdigunean” eta, hilabete gutxi batzuk barru, Eskola Kiroleko teknikarien profiletan ere jarriko du arreta: “Aplikazio hau, hasiera batean, lehiaketa-jardueretan parte hartzen duten Bizkaiko 38.000 eskola-kirolarien senideei eta jarraitzaileei zuzenduta dago. Oso intuitiboa da eta zuzeneko komunikazio-kanal bat sortzen du familiekin”. Doan deskargatu daiteke Play Store-n (Android) eta App Store-n (iOS).
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Alberto Serrano ASFEDEBIko presidenteak eta Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak aurkeztu dute, eta Bilbaok azpimarratu duenez, aplikazio honi esker ,aurrerapauso bat eman dute familiei zuzendutako kirolaren kudeaketan. Uste dute tresna berritzaile honek “balio erantsia ekarriko” diela eskola-kirolaren programa garatzen duten Bizkaiko kirol-federazioei.
Aplikazioa bi eremu handitan egituratuta dago: lehiaketak eta Eskola-kirolari buruzko informazioa. Alde batetik, eskola-kiroleko lehiaketa guztiei buruzko informazioa jasotzen du: tokia, ordua, egutegiak, kirol-espazioetara iristeko jarraibideak, lehiaketen emaitzak, kirol bakoitzaren sare sozialetarako sarbidea… Hori guzti hori “modu integratuan eskaintzen” du, hau da, kirol-jarduera bat baino gehiago jarraitzen dutenek lehiaketa-ekitaldi guztiak egutegi bakar batean izango dituzte eskura, eta, besteak beste, aukera izango dute informazioa partekatzeko eta egutegian ekitaldiak gehitzeko.
Askotariko informazioa jasotzen du: tokia, ordua, egutegiak, kirol-espazioetara iristeko jarraibideak, lehiaketen emaitzak, kirol bakoitzaren sare sozialetarako sarbidea…
Egutegiak integratu ahal izateko, programa informatikoak armonizatu eta sinkronizatzeko lana egin dutela azaldu dute; era berean, lehiaketa-jardueretan parte hartzen duten federazioen lana ere “ezinbestekoa” izan da: “Lan horri esker, Aldundiak aurrera egin ahal izan du eskola-kirolean inplikatutako eragileen kudeaketa errazteko garapen teknologiko honetan”.
Aplikazio honek eskainiko duen beste funtzionaltasun-eremua Eskola-kirolaren informazioa da; eremu horretan eskainitako funtzionaltasunen artean, eskola-kirolaren mapa nabarmendu dute. Horri esker, erabiltzaileek eskura izango dituzte eskola-kirolaren diziplina eta modalitate guztien kokapena, helbidea eta harremanetarako telefonoa, eta errazagoa izango da kirol jakin bat praktikatzeko tokia eta erakundeak bilatzea. Esparru horretan, informazio eta jakinarazpen interesgarriak eskuratu ahal izango dira, besteak beste, jardunaldiak bertan behera uzteari eta Eskola Kirola programarekin zerikusia duten beste kontu batzuei buruzkoak. Gainera, gurasoentzako “eskola-kirolaren gakoei buruzko prestakuntza-pilula” kontsultatu ahal izango da.
ASFEDEBIko presidenteak bere esker ona adierazi du eta positibotzat jo du ekimena: “App hau oso tresna erabilgarria izango da gure lurraldean eskola-kirolean egiten den lan handia aita-amei, klubei, teknikariei eta, oro har, Bizkaiko gizarte osoari helarazteko”. Aldundiaren eta Bizkaiko kirol-federazioen arteko lanaz eta koordinazioaz gain, aplikazio honek BBKren laguntza jaso du, eta eskerrak eman dizkiete proiektu honetan parte hartzeagatik. “Ekimen berri hau babestuz, teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideez baliatu nahi dugu gure lurraldeko kirol-esparruan digitalizazioa sustatuz, berrikuntza ekarriz, pertsonekiko elkarreragina hobetuz eta kirola garatzen lagunduz”, esan du BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak.