Ibarruriko mendiak, Urdaibai Kopako lehen geltoki
Martxoaren 5ean egingo dituzte Ibarruriko mendi martxa eta lasterketa, Urdaibaiko Kopako lehenengoa. Irternetez izena emateko epea hilaren 17tik 27ra bitartekoa izango da eta egunean bertan apuntatzeko aukera ere egongo da.
Urdaibaiko mendiak eta basoak lasterkarien eta martxalarien zain daude. 2023ko Urdaibai Kopa abian ipintzeko prest dago, eta lehendabiziko geltokia Ibarrurin edukiko du. Izan ere, martxoaren 5ean X. Ibarruriko mendi martxa eta lasterketa egingo dituzte, eskualdeko txapelketako estreinako zita. Ibarruriko Saltsamendi Kirol Elkarteko antolatzaileek, beste urte batez, mendiaren zale guztien “profil eta interesei” egokituriko egitaraua prestatu dute. Interneteko izen-ematea Urdaibai Kopako webgunean egin ahalko da, eta aste honetan zabalduko dute: hilaren 17tik 27ra bitartean eman ahalko da izena Internet bidez.
Antolakuntza lantaldetik argitu dute iaz oraindik koronabirusaren pandemia egoerak sortutako murriztapenen “hondar batzuk” eduki zituztela, baina aurten “normaltasun osoz eta ohiko itxuragaz” ekingo diotela martxoaren 5eko jaiari: “Iaz ezin izan genuen egin martxa laburrik, eta aurten hori ere berreskuratuko dugu”. Ohiko legez, hiru proba egongo dira, beraz, Ibarrurin: mendi martxa luzea, laburra eta lasterketa. Martxa luzeak eta mendi lasterketak pareko ibilbideak edukiko dituzte: Elizaldetik aterako dira eta, auzoz auzo, Oizko San Kristobal baselizaraino igoko dira parte hartzaileak; horixe izango da, hain zuzen ere, ibilbideko puntu gorena. Jarraian, beherako bideari ekingo diote beste inguru batetik, irteera hartu duten eremu berberean amaitzeko. Tartean, hogei kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa bete beharko dituzte.
Hiru proba egongo dira: martxa luzea, martxa laburra eta mendi lasterketa
Martxa laburrari dagokionez, bederatzi kilometroko eta 300 metroko desnibeldun ibilbidea edukiko du. Beste proba bien irteera eta ailegaera berbera eduki arren, bestelako eremuetara joko dute irteera laburreko parte hartzaileek: Askari mendi ingurura. “Pasabide eder bat topatuko dute, besteak beste; familian nahiz lagunartean bisitatzeko ingurune paregabea da”, adierazi dute. Martxa luzekoak izango dira ateratzen lehenengoak, 08:30ean; lasterkariak, ostera, 10:00etan hasiko dira korrika; amaitzeko, ibilbide laburreko martxalariak 10:15ean abiatuko dira.
Aurreikuspen ona.
Antolakuntzatik “aurreko urteetako giro ederra” egotea espero dute: “Murriztapenak ahaztuta eta hamargarren urteurrena izanda, urteroko giro onari eustea eta partaidetza kopuru normala berreskuratzea aurreikusten dugu; horrexetarako ibili gara gogor beharrean”. Horretarako, egitarauan ez dute ezer berezirik prestatu, baina parte-hartzaileak “bereziki ondo tratatzea” izango da urtengo erronka. “Urtero kritika onak jaso izan ditugu, baina aurten urrats bat aurrera egin gura dugu hainbat alorretan: anoa postuak jagon, opariak egin, hurreko tratua eskaini, eta abar”, argitu dute.
Ohiko itxurari eutsi arren, aurtengo berrikuntza Elizalden egongo den umeentzako jolas eremua izango da
Era berean, eguraldiak laguntzen baldin badu, berrikuntza bat ere egingo dute. Elizalden umeentzako jolasak ipiniko dituzte, lasterketaz eta martxez gain “parte-hartzaileen laguntzaileak lasai eta eroso egon daitezen; dena ez da kirola edota mendia, eta denei beren lekua eman gura diegu”. Internetez apuntatuko direnek kamiseta jasoko dute opari eta egunean bertan izena emango dutenek, berriz, “beste opariren bat” edukiko dute.
Horrez gain, antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira Ibarruriko mendi martxa eta lasterketa Urdaibai Koparen aterkipean egotearren: “Txapelketako parte izateak proiektu amankomun baten alde lanean gauden sentipena ematen digu; geure beharra indartu egiten da, beste hainbestek egiten dutenagaz uztartzen denean”. Amaitzeko, azaldu dute kopa moduko egitasmoak “sustraietara begira” daudela: mendia, kirola eta elkarlana sustazeaz gain, herri nahiz antolakuntza talde bakoitzaren izaera bultzatzen dute, eta herritarrak egiten den lanaren konplize bihurtzen ditu; proiektu oso polita eta beharrezkoa da”.