Gazte Euskaltzaleen Sarea aurkeztuko dute bihar, Astran
Taldearen aurkezpena egiteaz gain, hezkuntza sisteman euskara bermatzea eskatzeko martxoaren 23an egingo dituzten mobilizazioei buruzko informazioa emango dute.
Gazte Euskaltzaleen Sarea “euskararen borrokari eutsi dioten gazteek” osatzen dute, eta sarearen aurkezpen ekitaldia egingo dute bihar, 19:30ean, Gernika-Lumoko Astran. Taldearen aurkezpena egiteaz gain, hezkuntza sisteman euskara bermatzea eskatzeko martxoaren 23an egingo dituzten mobilizazioei buruz ere ariko dira; Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izango dira mobilizazioak.
Hezkuntza euskaraz izan behar dela aldarrikatuko dute gazte euskaltzaleek: “Euskarak aurrera egin behar duen eremuetako bat da hezkuntza. Gure eskubidea da, eta dagokiguna eskatuko dugu”. Izan ere, diotenez, ikasketak euskaraz egitea “trabaz beteriko” bidea da Euskal Herriko ikasleentzat, eta salatu dute “eskubide urraketa etengabeak pairatzen” dituztela: “Aspalditik salatzen gabiltzan egoera honek hezkuntza eremua aktibatu eta elkarlanean antolatzera garamatza”.
Salatu dute euskaraz ikasten dutela esan ohi den arren, hezkuntza prozesu hori ezin dutela %100ean euskaraz gauzatu: “Irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskarazko ikasketa batzuen eskaintza eza… Ageriko da hezkuntza eredu honek ez duela euskararen jakintza eta erabileraren arteko ispilu edo berdintze gisa funtzionatzen. Hezkuntza eredu honek ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik”.
Aldarrikapenak.
Egoerarekin “kezkatuta” daude, eta azken Gaztealdian adierazi modura, ez dira geldirik geldituko. Hain zuzen ere, hezkuntza euskaldun bat bermatzeko aldarrikapenak kaleratu dituzte: euskarazko hezkuntza prozesua %100ean bermatuko duen langile euskaldunen kontratazioa; erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea; hezkuntza eremu euskaldundua, paisaia linguistiko osoa ahalbidetuko duena; eta Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea.
Hala, eregile zein elkarte eta norbanakoei euren mobilizazioetan parte hartzera deitu diete: “Hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten eragile zein hezkuntza komunitateko kide guztiei dei egiten diegu gurekin batera parte hartzera”.