Final handirako materiala, aukeratuta
Jai Alai Winter Seriesko finala lehiatuko duten bikote biek azken partidurako materiala hautatu dute. Barandikak eta Lekerikak 108 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte; Beaskoetxeak eta Lopezek, ostera, 106 gramoko hiru.
Jai Alai Winter Seriesko final handia ate joka dago. Domekan jakingo da Gernika-Lumoko neguko astelehenetako txapelketako bigarren ekitaldiko bikote irabazlea zein den: Diego Beaskoetxea–Imanol Lopez edota Xabi Barandika–Unai Lekerika. Lau finalistak lehiaketako azken txanpa eta orain arteko guztiak jokatu dituzten agertokian azaldu dira gaur, Jai alai katedralean. Finalean erabiliko duten materiala aukeratu dute bikote biek, 12:00etan hasita.
Unai Lekerika: “Argi geratu da Beaskoetxearen eta Lopezen taktika zein izango den, hautatu duten materiala ikusita”
Finalerako piloten hautaketak ez du zalantza handiegirik plazaratu; izan ere, lau puntistek dagoeneko argi eta garbi utzirik dute finalean bikote bakoitzak baliatuko duen estrategia zein izango den. Bikote gernika-lumotarrak, Barandikak eta Lekerikak, aurkeratzeko edukiriko hamalau pilotetatik bizienak hautatu dituzte azken partidurako: 108 gramoko hiru pilota. Etxekoek, azaldu dutenaren arabera, pilota horiekin jokoa aurrealdeko koadroetan oinarritzea bilatuko dute.
Xabi Barandika: “Lopez jokoz kanpo uztea izango da gure helburua”
Barandikak argitu du Lopez “jokoz kanpo” uztea dela beraien helburua: “Atzelari oso jotzailea eta dominatzailea da, defentsa lanetan ere pilotakada asko sartzen dituena; beraz, ez zaigu komeni erresistentziazko jokoan sartzerik. Horren ordez, aurrean min egiten saiatuko gara, hau da, Beaskoetxea arazoetan sartzen”. Era berean, Lekerikak azaldu du, denetariko pilotak topatu arren, euren artean “are desberdinagoak” aurkitzea aurreikusten zutela: “Zeuden pilotetatik bizienak hautatu ditugu, behintzat; hori gutxi ez, eta argi geratu da Beaskoetxearen eta Lopezen taktika zein izango den, hautatu duten materiala ikusita”.
Diego Beaskoetxea: “Domekako partiduaren gakoa Imanol Lopezen zestak eduki dezake”
Hain zuzen ere, beste finalista biek pilota lotearen beste muturrera jo dute: hiru pilotarik pisutsuenak eta hilenak aukeratu dituzte, 106 gramokoak. Lopezek argitu du “denentzako materiala” topatu dutela: “Gehien interesatzen zaizkigun pilotak hartu ditugu, baina denetarikoak probatu ditugu”.
Bere profesional ibilbideko azken partidua jokatuko duen Beaskoetxea genrika-lumotarrak, bestalde, adierazi du partiduaren gakoa bere bikote zumaiarraren zestak eduki dezakeela: “Finaleko arduraren zati handi bat beregan izango da eta, horregatik, hari interesei gehien egokitzen zaizkion pilotak hautatu ditugu; bere egitekoa izango da niri ahalik eta asistentziarik handiena ematea eta, horrez gain, aurkariei atzealdean min egitea“.