Bertsoa eta euskara praktikatzeko gazteentzako plaza
Azken urteetako neguko bertso barnetegirik jendetsuenean elkartu dira 77 gazte Baratze baserri eskolan. Giro "aparta" izan dutela adierazi dute antolatzaileek.
77 gazte batu dira asteburuan Gautegiz Arteagako Baratze baserri eskolan egindako neguko bertso barnetegian, inoizkorik eta gehien, eta giro “aparta” izan dutela adierazi dute antolatzaileek.
“Azken urteetako neguko bertso barnetegirik jendetsuena izan da, ez genuen horrenbeste gazte batzerik espero. Sekulako giroa egon da, eta denetariko ekintzak egin ditugu”, adierazi dute bertso barnetegiko begiraleek. Bermeotik, Gernika-Lumotik, Gautegiz Arteagatik, Markina-Xemeindik, Etxebarriatik, Bilbotik, zein Arratiatik edo Enkarterrietatik gerturatu dira bertsozaleak, eta “oso aberasgarria” izan dela diote.
Barnetegian eduki duten “talde izaera” azpimarratu dute antolatzaileek: “Askotan zaila da DBH 1ekoak eta Batxilergo 2.mailako ikasleak horren batuta egotea eta taldeak ondo funtzionatzea, izan ere, adin tarte handia dago batzuen eta besteen artean. Baina oraingo honetan taldeak ondo erantzun du, nagusienek gazteenak zaindu dituzte, eta oso gustura egon dira denak. Guretzako garrantzitsua da hori”.
Denetariko ekintzak egin dituzte barikutik domekara bitartean, eta bertsotan zein rapean aritzeko aukera izan dute bertsozaleek, baita Ereñora txangoan joateko momentua ere. Lehenengo egunean elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten, eta Mihiluzera jolastu zuten, “euskara sustatu eta berbekin jolasteko asmoz”. Zapatuan, Ereñora joan ziren, eta kantera atzeko kobazuloak bisitatu eta herriko plazan kantu eta dantza artean jolasean aritu ondoren, Gatom musikariagaz rapean aritzeko aukera eduki zuten batzuek, eta bertso eskoletan elkartu ziren besteak.
Iluntzean, berriz, gaueko bertso afarian aritu ziren Etxahun Lekue eta Koldo Gezuragaren aurkezpenak eta horientzako gaiak prestatu zituzten. “Zapatu gauean bertso afaria izaten dugu beti, eta aurten, gazteek prestatutako gaiak bertsotan islatu behar izan zituzten Etxahunek eta Koldok. Ostean ondo pasatu genuen”, diote.
Transmisioa.
Gazteek bertsoarekiko duten interesa agerian utzi du neguko bertso barnetegiak, eta, horretan, Bertsozale Elkarteak egin duen lana azpimarratu dute antolatzaileek: “Transmisioa asko landu dugu elkartean, eta horren fruitua da barnetegian horrenbeste jende batzea. Parte hartu zuten gehienak eskolaz kanpoko jardueretan lantzen dute bertsolaritza. Ez da erraza izaten eskolaz kanpoko jardueretan jendea bertsora gerturatzea, baina urteekin taldeak osatu ditugu eta gustura daude”.
Bertsoa lantzeaz gain, euskaraz bizitzeko eremu bat izan dute gazteek, “askok euren egunerokotasunean eduki ezin dutena”, eta, horrez gain, bertsoa zer den ikusteko, lagunak egiteko eta harremanak sendotzeko balio izan die bertso barnetegiak. “Barnetegia sekulako esperientzia da. Modu bat da gazteak bertsoaz batzeko eta ikusteko Bizkaia osoan hainbat direla bertsolaritza ikasten ari direnak”, diote.