Gernika-Lumok turismo webgune berria dauka: gernikainfo.eus
Webgunearen helburu nagusia da "bisitarien egonaldia luzatzea", euren inpaktu ekonomikoa "handiagoa" izan dadin: "Gure asmoa beti da berdina: turistek udalerrian denbora gehiago igarotzea eta euren bisita ahalik eta kalitate onenekoa izatea. Ondorioz, euren inpaktu ekonomikoa handiagoa izango da".
Gernika-Lumok turismo gune ofizial berria dauka: gernikainfo.eus. Bidaia planifitzeko “tresna bat baino gehiago” dela dio Iñigo Magunagoikoetxea Turismo zinegotziak, Gernika marka nazioartean zabaltzeko balio duen tresna dela adieraziz: “Jendea marka batetik udalerrira gerturatzea da asmoa. Webgunea ate berri bat da bisitariak Urdaibaira hurbiltzeko”.
Zehaztu dutenez, 2014tik, Gernika-Lumoko Turismo sailaren estrategia da Gernika marka zabaltzea, eta hori aurrera eroateko “funtsezko elementua” da webgunea.
Magunagoikoetxeak azaldu duenez, webgunearen helburu nagusia da “bisitarien egonaldia luzatzea”, euren inpaktu ekonomikoa “handiagoa” izan dadin. “Gure asmoa beti da berdina: turistek udalerrian denbora gehiago igarotzea eta euren bisita ahalik eta kalitate onenekoa izatea. Ondorioz, euren inpaktu ekonomikoa handiagoa izango da”, adierazi du.
Dioenez, webgune berriaren atzean “lan asko” dago: “Turismo Bulegoan denbora asko daramagu etortzen diren 100 bisitarietatik bati inkesta bat egiten. Galdetegi horretan zergatik etorri diren, zer ezagutzen duten, zenbat denbora egongo diren edota informazioa non bilatu duten galdetzen diegu. Izan ere, konturatu gara bisitariek zenbat eta informazio gehiago duten, orduan eta denbora gehiago igarotzen dutela udalerrian”. Halaber, inkestek diote bisitarien %70ek egun erdi edo egun oso bat igarotzen duela udalerrian, eta hori “luzatu” gura dutela.
Gernikainfo.eus web orriaren izen ofiziala orri horren helburu nagusiari eta bere funtzioari buruzko hausnarketaren emaitza dela diote: “Nahi duguna da bisitari zein turistek gu bisitatu aurretik eurentzako beharrezkoa den informazio guztia webgune berri honetan bilatzea”. Hala, bisitariei Gernika-Lumoko bisita planifikatzen lagunduko dien informazio praktikoa jarri dute euren eskura, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.
Aurrekariak.
Web berrirako edukiak idazten hasi aurretik, jendeak Interneten Gernikari buruz zer bilatzen duen jakin gura izan dutela dio Amaia Garcia Turismo Bulegoko arduradunak: “Jendeak Interneten zer bilatzen duen aztertu dugu, eta konturatu gara hurrengo galdera hauek bilatzen dituztela: zer ikusi Gernikan egun batean, zergatik den garrantzitsua Guernica, eta non dagoen kokatuta Guernica. Horien arabera antolatu dugu webgunea eta sailkatu ditugu atalak”.
Ondorioz, erabiltzaileen bilaketa asmoan oinarritutako kategorizazio berri bat egin dute, eta letra lodiz nabarmendu dituzte erabiltzaileek “gehien” bilatzen dituzten esaldiak.
Guztira 90 orrialde edo atal ditu webguneak, eta horiek jendearen bilaketen arabera daude antolatuta. “Barne orrialde horietako bakoitzak metadeskripzio espezifiko bat izan behar du idatzita; izan ere, metadeskripzio on bat idatzita izateak webgunearen SEO posizionamendua hobetzen du”, azaldu du Garciak.
Atal berriak.
Orrialde horietako asko berriak dira, baina hainbat nabarmendu gura izan dituzte: helmuga turistiko jasangarri baterako atala, udalak eta Turismo Bulegoak lortutako sarien atala, Top Ten atala, bonbardaketari buruzkoa, Urdaibaiko padurei buruzkoa, aparkalekuei buruzko informazioa eskaintzen duena, ostalaritza establezimenduena, txakolinarena eta Europako Gutunari buruz berba egiten duena.
Gernika-Lumoko aktibo garrantzitsuenak ikus daitezke hasierako irudian: Gernikako Arbola, Euskal Herria Museoa, Bakearen Museoa, astelehenetako merkatua, Jai Alai frontoia eta familientzako Marko topo jokoa. “Horietako batean sartuz gero, lekuari buruzko informazioa aurkitu daiteke, baita beste puntu esanguratsuei batzuei buruzko informazioa ere, esteka baten bidez beste orrialde bateko informazioa emateko bisitariari”, adierazi dute.
Horrez gain, Gernika-Lumoko historiari buruzko orriak berrantolatu dituzte, Historia izenburupean, erabiltzaileek erabilitako hitza delako.