Tour Eguna Gernika-Lumon egongo da
Frantziako Tourreko antolatzaileek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako proiektua maiatzaren 7an egongo da Gernika-Lumon.
2023ko Frantziako Tourra Bilbon abiatuko dela eta Euskal Herriko errepideetatik igaroko denez, Frantziako Tourreko antolatzaile den ASO enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkalanean sortu dute Tour Eguna egitasmoa, “Grand Départ orduko gogoa pizteko”. Ekimenaren jomuga nagusia egunerokotasunean bizikletaren erabilera bultzatzea eta sustatzea da. Jadanik egin dute Euskal Herriko zenbait udalerritan, eta etzi Durangon egongo da, Ezkurdi plazan. Era berean, munduko txirrindulari lasterketarik garrantzitsuena aurten Busturialdeko lurraldetik igaroko denez, maiatzaren 7an Gernika-Lumon egongo da Tour Eguna.
Tour Eguna egingo duten gunean, bertaratzen direnek ondorengo jarduerez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute: hezkuntza ikasgela, gaztetxoenek txirrindularitzako oinarrizko ezagutza eta arauak ikas ditzaten; bide segurtasunerako gela, errepidean aintzat izan beharreko jakintza guztia jokoen bitartez praktikan ipintzeko; lantegi gunea, bizikleta konponketen zein mantenuari buruzko oinarrizko informazioa jaso dezaten, lapurretak saihesteko babesari buruzkoekin batera.
Iraganari eta etorkizunari lekua.
Era berean, bizikletak aukeratzeko eta probatzeko gunea, bakoitzari hoberen egokitzen zaion bizikleta mota eta neurria aukera dezaten; hastapeneko pista, 2 eta 10 urte arteko umeentzat; 6 eta 14 urte artekoentzako pump track pista; azkenik, txirrindularitza eta mugikortasun jasangarria sustatzen duten tokian tokiko klubentzat eta txirrindularientzat gordetako gunea ere egongo da. Horregaz guztiagaz, Frantziako Tourraren inguruko erakusketak ere ikusgai egongo dira; Vicente Blancok 1910eko Tourrean parte hartu zuen garaira arte jauzia egingo dutela azaldu dute antolatzaileek.