Gerraren aurpegi desberdinak eta haienganako oposizioa plazaratu dituzte
Gernika Memoriaren Lekukok deituta, hainbat herritar elkarretaratzean bildu dira, Gernika-Lumoko Merkurion. Gerraren industria, euskal enpresen inplikazioa, Mediterraneoko egoera, Israel eta Palestinaren arteko gatazka edota Mendebaldeko Saharako herritarren egoera gogoratu dituzte, besteak beste.
“Kapitalismoa sistema harraparia da”. Horrelaxe hasi dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek atzo, 19:00etan hasirik, Gernika-Lumoko Merkurion deituriko elkarretaratzeko berbaldia. Gerraren kontrako mezua lau haizetara aldarrikatzeko eta, era berean, “XXI. mendeko Gernikak” bistaratzeko asmoagaz deitu zuten elkarretaratzea, eta herritarrek erantzun zioten deialdiari, hainbat lagun bertaratu baitziren elkarretaratzera.
Elkarretaratzean zehar, kapitalismoak, patriarkatuak, inperialismoak eta kolonialismoak sorrarazten dituzten “triskantzak” eduki zituzten ahotan Gernika Memoriaren Lekukoko kideek beraien irakurketan, eta injustizia horien aurrean herritarrei “ahotsa altxatzea” dagokiela adierazi zuten. Europak bere mugak “modurik lotsagabeenean” zarratu dituela salatu zuten, batetik; horregaz lotuta, Mediterraneoan ematen ari diren gertakizunak azaleratu zituzten. Besteren artean, salbamendu beharretan ari den Aita Mari euskal itsasontzia eta bere egungo egoera aipatu zituzten; Aita Mariren proiektuak, hain zuzen ere, milioi bat eurora arteko isun ekonomikoa jaso dezake, eta epai hori gaitzetsi egin zuten atzo, Meditarraneoa “hilobi erraldoia” bihurtu dela salatuz.
Besteak beste, Mediterraneoan salbamendu lanetan ari den Aita Mari euskal itsasontzia eta bere egungo egoera aipatu zituzten elkarretaratzean
Tankeak, mintzagai.
Bestalde, Gernika Memoriaren Lekukokoak Ukrainako gatazka armatuaren inguruan ere aritu ziren elkarretaratzean. Europako estatuek Leopard izeneko tankeak Ukrainara bidaltzen dituztela argitu zuten: “NATOren estrategiagaz erabat lerrokaturik, gerraren gutxiagotzea, nazioarteko diplomazia eta elkarrizketa inoiz baino beharrezkoagoak diren unean”. Armagintzaren industriagaz lotuta, Euskal Herriko kate handiek egun daukaten tokia plazaratu gura izan zuten. Hego Euskal Herriko biztanleek NATOri “ezezko borobila” eman zioten dataren 37. urtemuga betetzear dagoela, adierazi zuten gerraren logikak pertsonen sufrimendua baino ez duela ardatz. Satlantis Microsats eta SAPA euskal enpresa handiez mintzatu ziren; azken horrek, hain zuzen, “lidergoa” dauka Europako Defentsa Programaren markoan. Izan ere, 4’8 milioi euroko diru laguntza jaso du, bere ekoizpenerako. Beraz, gerra “hemen hasten dela” gogorarazi zuten.
Gerren kontrako eta herrien zein jendarte askatzaileen aldeko hautua berretsi zuten Gernika Memoriaren Lekukokoek
Horrez gain, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka edota Mendebaldeko Sahararen eta kolonialismoaren artekoa ere jorratu zituzten elkarretaratzean. Lehenengoari dagokionez, 2022.urtea 2004az geroztik “hilgarriena” izan dela azaldu zuten: “24o palestinar baino gehiago hil dituzte; tartean, 40 ume nahiz nerabe. Hori gutxi ez, eta 4.700 palestinar inguru daude, egun, espetxeraturik, horietako 800 baino gehiago ezelako kargu edota epaiketa barik”. Saharako auziari helduta, Marokoko zein Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharar herria “gerrara kondenatzen dutela”. Amaitzeko, elkarretaratzera bertaratutako denek argi eta garbi utzi gura izan zuten gerraren aurkako hautua “irmoki tatuatuta” dutela. Horrexegatik esan zuten aho batez “gerren kontra eta herrien zein jendarte askatzaileen alde” ageri direla.