Final baten balioko horma bikoa
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek V. Bizkaia Torneoa irabazi dute, Amaia Aldai eta Nora Mendizabal 22-21eko markagailu estuagaz menperatuz. Aurrelari gernika-lumotarrak, azken tantoan, horma biko bategaz borobildu du partidua eta iazko garaipena berretsi ahal izan du.
Modurik zirraragarrienean eta bikainenean, azkenengo tantoan, irabazi dute V. Bizkaia Torneoa Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Uxue Oses oñatiarrak, Amaia Aldai eta Nora Mendizabal menperatuta. Iaz bikotekide izandakoa aurkari topatu du aurten Arrizabalagak, Bizkaia Torneoko garaipena berresteko bere saiakeran; izan ere, 2022ko ekitaldian Aldaigaz bikote eginez poltsikoratu zuen emakumezkoen esku pilotako txapelketa nagusienetako bat dena, eta aurten Oses gipuzkoarrak jagon dio bizkarra. Partidu borrokatua izan zen atzo Bilboko Bizkaia Frontoian ikusi ahal izan zena, eta balantzak, azkenean, Arrizabalagaren eta Osesen alde egin zuen. Tartean, baina, 66 minutuko eta 614 pilotakadako final gogorra lehiatu zuten.
Norgehiagokaren lehendabiziko erdian, bikote urdina nagusi agertu zen pilotalekuan; hain zuzen, markagailuak 7-15ekoa erakusten zuenean, bazirudien Arrizabalagak eta Osesek garaipena beren eskuetan zeukatela. Dena dela, Aldaik eta Mendizabalek beste behin frogatu zuten mailako aurkariak direla eta denboraldi handia egiten dabiltzala: aurrelari dimoztarrak, atzelari andoaindarraren atzealdeko koadroetako babes zurrunagaz, erremateak borobiltzeari ekin zion, eta aldeak apaldu zituen. 16-21ekoagaz, Osesek partidu osoan zehar edukitako eskumako eskuko arazoak are agerikoagoak bihurtu ziren, eta urdinak ez ziren gai izan finala beraien eremuan mantentzeko.
Olatz Arrizabalaga: “Osesek partiduaren lehen erdian egundoko maila erakutsi zuen; gako izan zen aldeak egiterakoan”
Kale edo bale.
Tantoak joan, tantoak etorri, Aldaik bidea egin zuen bere jokoagaz. Bost puntu erreskadan lorturik, 21-21ekoa ezarri zuen eta finala, horrenbestez, azken tantoan erabaki zen. Unerik beharrezkoenean, baina, bere ohiko eraginkortasuna eta errematerako sena plazaratu zituen Arrizabalagak: horma biko bikain bategaz, Bizkaia Torneoa bigarrenez jarraian eskuratu zuen, ikusleen gozamenerako.
Gernika-Lumoko aurrelariak finalaren “tentsioa eta gogortasuna” azpimarratu ditu: “Aldaik frontoian bere lekua eta kolpea topatu zituenean, asko zaildu zitzaigun partidua, baina, zortez, azkenengo tantoa geure alde izan zen”. Hasieran markagailu zapaltzailea ezartzea “ez zen kasualitatea izan”, azaldu duenez: “Ni egoki ibili nintzen, baina Osesek partiduaren lehen erdian egundoko maila erakutsi zuen; pilotak behin eta berriro eroan zituen eta gako izan zen, aldeak egiterakoan”.
Azken jokaldiari dagokionez, Oses eskuan min harturik zegoenez, Arrizabalagak partiduaren ardura hartzea erabaki zuela argitu du, batez ere, arinagoko tantoetan adi agertu ostean. “Argi eta garbi nuen jokoa atzealdeko koadroetako piloteoan oinarrituko zutela eta Oses, harrezkero, justu samar zebilela; beraz, eskarmentuz bota nuen pilotakada hura, tantoa nik neuk egin behar nuen jakitun. Hutsunea ikusi nuen, eta jokaldia ondo atera zitzaidan”.
“Eskarmentuz bota nuen azken pilotakada, tantoa nik neuk egin behar nuen jakitun”
Master Laboral Kutxa txapelketarako “kalitatezko entrenamendu modura” planteatu du gernika-lumotarrak aurtengo Bizkaia Torneoa, eta indartuta aterako da, “bai fisikoki, bai buru aldetik”. Bere urteko helburu nagusia, aipatutako MLK txapelketa, ate joka dauka: “Otsailaren 26an atzera jokatuko dugu Aldairen eta Mendizabalen kontra, eta partidu horrek ere oso lehiatua izateko osagai guztiak dauzka. Andrea Capellan eta biok prest egon beharko gara”. Lehendik ere bertan gailentzeko hautagai izan arren, Bizkaia Torneoko garaipenak utzitako sasoi puntu paregabean ailegatuko da.
Hirugarren eta laugarren postuak.
Finala orduko, Leire Garaik eta Andrea Capellanek Madalen Etxegarairen eta Enara Gaminderen kontra jokatu zuten hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka. Lehen bikotea 22-13ko markagailuagaz nagusitu zitzaion bigarrenari. Partidu horretako pilotaririk nabarmenena Capellan errioxarra izan zen; MLK txapelketan Arrizabalagaren atzelari izango denak partidu borobila egin zuen, dominatzaile agertuz. Etxegaraik eta iazko Bizkaia Torneoko finalera helduriko Gamindek, ostera, garaipena ezagutu barik, esku hutsik, amaitu zuten aurtengo ekitaldia.