Turkian eta Sirian izandako lurrikarak kaltetutako errefuxiatuentzako elikagai bilketa egingo dute asteburuan
Zaporeak elkarteak antolatutako bilketa da. Bermeon, San Frantzisko elizako arkupeetan batuko dituzte jakiak, eta, Mundakan, berriz, Perondo Txokoan. Bestalde, ACNURek eta UNRWA elkarteeen bidez, material sanitarioagaz eta etxeko funtsezko gaiekaz betetako larrialdiko kitak banatzeko 25.000 euroko partida bana erabiliko du aldundiak.
Zaporeak elkarteak Turkian eta Sirian izandako lurrikarak kaltetutako errefuxiatuentzako elikagai bilketa egingo du asteburuan (otsailak 11 eta 12) Euskal Herriko hainbat tokitan, eta zenbait udalerritako eragileek bat egin dute deialdiagaz, tartean Bermeon eta Mundakan.
Bermeon, hortaz, San Frantzisko elizako arkupeetan ariko da elikagaiak batzen, 10:00etatik 19:00etara. Jakitera eman dutenez, honakoak behar dituzte: Lekaleak kontserban, arroza, pasta, arraina kontserban eta esnea. Gogorarazi gura izan dute txerrikirik gabeko produktuak izan behar direla.
Mundakan ere bilketa egiteko gune bat ipiniko dute. Hain zuzen ere, Perondo Txokoan izango da, eta asteburu osoan zehar egongo da aukera bertan materiala uzteko: bihar, 16:00etatik 21:00etara; etzi, berriz, 10:00etatik 14:00etara.
Aldundiaren ekarpena. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak 25.000 euroko partida bana erabiliko du ACNURek eta UNRWA Elkarteek Turkian eta Sirian izandako lurrikarak kaltetutako herritarren artean larrialdiko kitak banatu ahal izateko.
Zehaztu dutenez, larrialdiko laguntza humanitarioa Siriako iparraldeko 2.000 pertsona baino gehiagorengana iritsiko da (580 familia). Toki horretan Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioa (ACNUR) eta Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA) ari dira lanean: “Hondamendi honen azken zifrek 20.000 hildako inguru zenbatetsi dituzte, eta horri gehitu behar zaio Sirian 6,8 milioi pertsona baino gehiago zaurgarritasun-egoeran daudela eta Turkian 4 milioi errefuxiatu eta asilo-eskatzaile baino gehiago daudela”.
Material sanitarioa eta “etxeko funtsezko gaiak” banatuko dituzte (koltxoiak, mantak, plastikozko xaflak, uretarako ontziak, sukaldeko tresnak, higiene-produktuak edo hotzetarako arropak).
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak nabarmendu du “bertan egon behar dugula ahal dugun neurrian Bizkaitik ekarpenak egiteko”, eta gogoratu du “ohikoa dela aldundiak ekarpenak egitea munduko larrialdi humanitarioen deialdietan”.