Mikel Magunazelaia izango da berriro Foruko EAJren alkategaia
Egungo Foruko alkateak aipatu du martxan dauden proiektuak amaitzeko ahaleginak egingo dituztela. Bere helburu nagusia da Forua "gero eta hobea" izatea.
EAJk Mikel Magunazelaia Pinaga (Forua, 1996) aukeratu du berriro maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako alkategai izateko. Bere helburu nagusia da Forua “gero eta hobea” izatea. Dioenez, bere gako nagusiak dira hurbiltasuna eta entzuten jakitea.
“Bihotzez eskertzen dut EAJk nigan jarri duen konfiantza Foruko udal hauteskundeei begira. Udal kudeaketa kate bat da, eta une honetan kate-begi bat naiz, lantaldearen laguntzagaz gure herriarentzat proiektu onuragarriak martxan jartzeko prozesuan parte hartu duena. Elkarren artean proiektu esanguratsuak jarri ditugu martxan gure herriaren bizitasuna areagotzeko eta toki garapena sustatzeko. Datorren maiatzean EAJren izenean aurkeztuko gara lantalde indartuarekin, Foruak alderdi guztietan hazteko potentziala duela sinesten dugun pertsonak, eta horixe lortzeko lana egingo dugu”, azaldu du Magunazelaiak.
Beragaz taldea osatzen duten emakume eta gizonen “jarrera ireki eta hurbila” nabarmendu gura izan du, “garrantzitsuak” baitira. Hurbiltasuna eta elkarrizketa aipatu ditu, bere ustez, “funtsezkoak” direlako politikan eta, bereziki, udal kudeaketan: “Gure herrikideekin harremanetan egotea guztiz funtsezkoa da, bai eta berba egiten jakitea eta akordioetara iristen jakitea ere, herriarentzat ona den guztia aurrera atera dezagun”.
Talde berria martxan jarri da dagoeneko: “Forutarrek ahalik eta bizi baldintza eta zerbitzurik onenak izatea gura dugu eta gure gazteentzat herri hau izan dadin beren bizimodua egiteko tokirik onena”. Aipatu du martxan dauden proiektuak amaitzeko ahaleginak egingo dituztela. Besteak beste, Hiri Antolamendu Nagusirako Plan Orokorra desblokeatzeko ahalegina egingo dute, etxebizitza berriak egin ahal izateko. Pilotaleku berria egitea edo udal taberna irekitzea ere badaude proiektuen artean, “herrian bizitza soziokulturalaren gune nagusi izan dadin, lokalaren diseinuan aurreikusi denaren arabera”. Energia berriztagarrien ezarpena ere bada beste helburu bat, lehen urratsak eman direla aipatuta: “Hauteskunde egitasmoan jasotzen da horiek bultzatzea, oinarri nagusia jasangarritasuna izango baita ingurumenean, hirigintzan, kulturan, ondarean, turismoan eta ekonomian”.
Kultur Etxe berri bat egitea ere badago lantaldearen proiektuen artean: “Helburua ez da soilik eraikin berri bat egitea. Tokia garrantzitsua izango da, eraikina diseinatuko delako herritarrek adieraziko dituzten beharrak eta ekarpenak entzun ondoren. Energia aurrezteko eta funtzionaltasun irizpideak beteko ditu, gainera. Helburu nagusia da, baina, denontzako tokia egitea, herriko elkarteen, ekimen kulturalen eta sorkuntzazko ekimenen hazkundea estimulatuko duen tokia egitea. Foruan dugun ondare historiko bikainak eta horri lotutako ekimenek ere izango dute tokia Kultur Etxe berrian”.