Marrazki bizi euskaldunak
Bi neska protagonista nagusi dituen euskarazko marrazki bizidunen telesaila da 'Loa eta Laia'. Lau atal kaleratu dituzte, eta «harrera ona» eduki dute. Lehenengo denboraldi honetan 11 atal izatea da sortzaileen asmoa. Sortzaileetariko bat da Josu Bergara eatarra, eta haren berbetan, "familian ikusteko tarte txikitxoak izateko helburuagaz" egin dituzte atalak.
Euskarazko marrazki bizidunen telesaila da Loa eta Laia. Euskaratik eta musikatik sortutako proiektua da, beharrizan edo hutsune bat betetzera etorri dena. Josu Bergara eatarra da bultzatzailea; neskak protagonista nagusi diren, «proiektuaren lidergoa» daukaten, proiektua sortu du.
Gogoeta batetik jaiotako proiektua da honakoa: «Alabekin marrazki bizidunak ikusten ditut. Euskarazko eskaintza ez da oso zabala; daudenen artean, asko duela 30 urte egindakoak dira, eta baloreak apur bat aspaldikoak iruditzen zitzaizkidan» .
Josu Bergara (Loa eta Laia telesailaren sortzailea): “Guraso legez pentsatzen genuen halako telesailen beharra zegoela”
Atal denek «mezu pedagogiko-didaktiko bat» daukate, eta 2-7 urte bitartekoentzat egina bada ere, sortzaileen ezusterako, abesti batzuk adin tarte horretatik gorako batzuentzat ere erakargarriak izan dira. Umeak eurak bakarrik pantaila aurrean ikusteko baino, «familian ikusteko tarte txikitxoak izateko» helburuagaz egin dituzte atalak.
Hasieran Bergarak berak egindako marrazkia «kaxoian gordeta» egon zen ia urtebetez. Gero, Paul Caballero marrazkigilearekin elkartu, eta bera hasi zen margotzen. Horrela sortu zen proiektua, eta gero, proiektuan jende gehiago sartzen joan da.
Sortzaileentzat «arlo musikala oso garrantzitsua» izan da hasiera-hasieratik: «Musikarena hautu oso argia izan da». Bergara musikaria da eta Nerea Alberdi eta David Sanchez musika ekoizle eta moldatzaileak ohituta daude pelikuletarako eta Euskal Herriko telesailentzako musika sortzen. Loa pertsonaiaren ahotsa Ane Martinez da eta Laiarena Leire Aparicio –konpositoreak eta abeslariak dira–.
Nazioarteko marrazki bizidun mota batzuk eredu izan dituzte: «Argi geneukan ez geneukala gaitasunik 30 minutuko kapituluak egiteko. Mundu mailan badaude %100 musikalak diren halako adibideak: Ingalaterran, Argentinan, AEBetan… Youtubera edo streamingeko plataforma batera igotzen diren pieza txikiak ikusi genituen, umeek eta familiek bata bestearen atzean ikustekoak. Beste eremu batzuetan funtzionatzen badute,esan genuen, ‘Euskal Herrian eta euskaraz zergatik ez?’»
Euskara eta Euskal Herriagaz «lotutako kultura» zabaldu gura dituzte: «Oso ohituta gaude Japoniako kultura zabaltzen duten marrazki japoniarrak ikustera, baina ez horrenbeste Euskal Herrian egindakoak ikustera».
Atal bakoitza egun edo egoera berezi eta aldi berean balore bategaz lotzeko asmoa daukate. Hasierako kapituluetarako aukeratutako gaiak «hemen pentsatutakoak edo hemengoei bideratutakoak» izan dira. loaetalaia.eus webgunean eta YouTubeko kanalean ikusgai daude –TikTok eta Instagram kontuak ere badauzkate–.
Bosgarren atalera bidean
Gau Beltza kapituluagaz aurkeztu zuten telesaila, urriaren 25ean. Lehenengo atal horretan adierazi gura zuten Euskal Herrian bazegoela Gau Beltza ospatzeko ohitura: «Geroz eta ezagunagoa da hemen, baina antzina existitzen zen ohitura hori gure artean».
Azaroan estreinatu zuten Euskararen Eguna Egunero, euskara «egun bakarragaz lotu beharrrean, urteko 365 egunekin lotu behar dela» aldarrikatuz. Hirugarrena, Oparirik politena, enkargua izan zen. Gabonetako atal berezia egin zuten: «Familiek oparietara esfortzu asko bideratzen dute. Gure ikuspegitik, Gabonetan, eta, orokorrean, ospakizunetan, opariak anekdotikoak izan behar lirateke; garrantzitsuena da elkarrekin egotea, ospatzea, ingurukoak maitatzea, eta abar».
Urtarrilaren 25ean kaleratu dute laugarrena: Zaindu basoa. Monolaborantzaren aurrean, bertoko espezien aldeko hautua egiten duten «baso bizien inguruko hainbat proiektu» ezagunak dira Euskal Herrian; «espezie desberdinekin» betetako basoak dira. «Gure altxorrik ederrenetakoa» natura zaintzea dela eta horren parte garela belaunaldi berriei transmititzearen garrantzia azpimarratzen du». Hiztegia ere landu dute bertan: espezieak, fruituak, animaliak…
Otsailekoa pardela kentzeari buruzkoa izango da: «Aparicio eta Martinez Haur Hezkuntzako irakasleak dira, eta ikusi genuen ume txikiek garaipen moduan ospatzen dituzten gauzen artean pardela kentzearena dagoela. Kakari buruzko kanta egin dugu. Uste dugu jendeak ez duela espero, eta oso pozik gaude egindako kantarekin».
“Atal bakoitzak balore bat dauka, familian gogoeta egiteko”
Atalak erakargarriak izateko, gai «dibertigarriak eta desberdinak» aukeratzen saiatu dira. 11 atal egitea aurreikusi dute; gutxi gorabehera hilero bat aterako dutenez, lehenengo denboraldiak uztailera arte iraungo du. Finantziazioa izanez gero eta komunitateak erantzun duen bezala erantzuten jarraitzen badu, bigarren denboraldia ateratzea da euren «ametsa edo ilusioa». Izan ere, Jaurlaritzatik «laguntza txiki bat» jaso badute ere, «euren poltsikotik» ari dira ordaintzen. Zorionez, komunitatea ondo erantzuten ari dela dio Bergarak: Youtuben 1.000 harpidedunen langa gainditu dute, eta 50.000 bisitatik gora jaso dituzte webgunean.
Espero zutena baino harrera «askoz hobea» eduki dute, eta «oso pozik» gaude: «Guri okurritu zitzaigun gauza txiki bat da hau, gure baliabideekin zabaltzen ari garena, eta izaten ari den oihartzunagaz harrituta gaude. Harrera oso ona izaten ari da. Harrera oso ona izaten ari da». Guraso legez beharra zegoela uste zuten, eta lehenengo atalak «sekulako harrera» eduki zuen. AEBetako Renoko Unibertsitatetik ere idatzi zieten: «Atalak ateratzean mezuak heltzen zaizkigu, batez ere, hezkuntza zentroetatik. Irakasleek esan izan digute umeei pila bat gustatu zaiela edo bertsio bat egin eta dantzatu dutela». Proposamenak ere jaso dituzte.
Webguneko 50.000 bisitetatik erdia baino gehiago WhatsAppetik heldu zaizkie. «Jendea bolo-bolo pasatzen dabil; behintzat, badakigu komunitate potolo bat dagoela atzean. Sintoma ona da».
Proiektua «pixka bat sendotu» behar dute. Aro digitalera egokitutako proiektu hori, ikusteko ez ezik, egiteko ere pentsatuta dago. Atal bakoitzak balore bat dauka, familian gogoeta egiteko, eta eduki gehiagarriak eskaintzen dituzte. Webgunean, adibidez, doan deskargatu daitezkeen musika tresnen eta protagonisten margotzeko laminak daude.
Errezetagaz asmatzen
Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua «erabat aldatu» da. «Lehen jende guztia zegoen telebistara begira; egun, denok daukagu telebista txikitxo bat eskuan. Duela 15 urtera arte, lau gauza ikusten genituen, lau gauza zeudelako. Orain, 200 mila gauza dituzte, eta horren barruan euskaraz oso gutxi daude. Kontua da Interneteko ozeano horretan deigarri izateko nola egin erakargarriak edo gakoak diren gauzak gaztetxoentzat edo umeentzat. Hor dago gakoa». Ikuspegi horretatik lan asko egin beharko dela deritzo: «Ez baditugu euskarazko eduki erakargarriak egiten, jendeak ez ditu ikusiko».
Gaur egun gura dutena ikusi ahal dute, gura duten moduan eta lekuan: «Kontua da, eta euskaraz zer? Erronka da ohitura bihurtzea». Gura duenak gura duen unean, moduan eta segituan kontsumitzeko euskarazko eduki bat eskaintzen saiatzea izan da euren filosofia.
Durangoko Azokan, Loa eta Laia aurkeztu zutenean gertatutakoa «oso adierazgarria» izan zen eurentzat: aretoa bete, eta jendea kanpoan geratu zen. Ez zuten deialdi berezirik egin eta ez zuten espero: «Gure proiektuan oso beharrezkoa izan da gauza apur bat desberdina egiteko lantaldean ilusioa eta gogoa egotea, eta, batez ere, ideia sendo bat izatea. Finantziazioa edo atzetik sostengua izatea ere behar da, noski, eta, hirugarrenik, jendeak erantzutea. Formula magikorik ez dago, baina, behintzat, ilusioa, gogoa eta nolabait gauzak aldatzeko grin apur bat mantentzea da gure errezeta. Uste dut puntu batean gutxienez asmatzen ari garela; behar bati erantzuten ari garela».