Euspot: euskarazko spot lehiaketa, gazteengan zientzia eta teknologia sustatzeko
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko Euspot lehiaketan parte hartzeko aukera zabalik dago. Parte hartu gura dutenek, eurek ekoitzitako eta gazteen bokazio zientifiko eta teknikoa sustatzeko balio duen 30 segundoko iragarkia bidali beharko dute maiatzaren 29a aurretik.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot euskarazko spot lehiaketa 2001ean. Hamabigarren edizioan parte hartzeko deia egin dute aurten, eta landu beharreko gaia hurrengoa da: ‘Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut’. Hala, parte hartu gura dutenek, eurek ekoitzitako eta gazteen bokazio zientifiko eta teknikoa sustatzeko balio duen 30 segundoko iragarkia bidali beharko dute maiatzaren 29a aurretik.
Parte hartzaileek, hain zuzen ere, lehiaketako oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragarri. Gainera, bertako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan.
Gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko eta “munduaren eraldaketan aktiboki” parte hartzeko bideoa izan beharko da. Izan ere, STEAM –zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika– gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi gura dituzte, eta STEAM eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila “handitu” gura dute, gazteen garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte hartzea errazteko: “Sormena eta ikasteko grina bultzatu gura dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz”.
Sortzaileek adierazi dute, “pandemian ikusi den moduan”, erronkei aurre egiteko zientziaren beharra dagoela. “Gaur egungo munduaren konplexutasunei aurre egiteko pertsona guztiek hainbat trebetasun izan behar dituzte, diziplina aniztasunetik eta sormenetik abiatuta”, diote.
Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planak bultzatzen du ekimena, Bizkai, Araba eta Gipuzkoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoagaz bat egiteko. “Helburua da hiru lurraldeetako berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea 2030ean. Ikuspegia da bizi maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea”, azaldu dute, eta gaineratu dute estrategia hori erakunde publikoekin, enpresekin, unibertsitateekin, ikerketa zentroekin, teknologia zentroekin eta eragile sozioekonomikoekin partekatzea.
Hori dela eta, Euspoten antolatzaileek, aurten ere ikus-entzunezkoei buruzko formakuntzak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenari eta publizitateari buruz gazteek izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Jakinarazi dute azken urteetan 4.000 ikasle baino gehiagok jaso dituztela Euspoteko formazio saioak hezkuntza zentro ezberdientan.
Sei sari nagusi.
Lehiaketara aurkezten diren spot guztien artean, sei sari banatuko dituzte, kategoria ezberdinetan banatuta: spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), 4 eta 18 urte arteko gazteen saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Orain arteko 11 edizioetan 600 spot inguru jaso dituztela adierazi dute. “Ez dago zalantzarik gaur gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela, eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean. Euspot, ordea, ez soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, asko dira urteetan parte hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte”, gehitu dute.