Mundakako Udalak Ondartza eta Arketa-Goitiz argiztatzeko lanak egin ditu
Mundakako alkateak gogorarazi du 2022ko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek egindako proposamenen artean zegoela udalerritik urrun dauden eremuetan argiztapen sistemak ezartzearena.
Mundakako Udalak hamazazpi kale-argi jarri ditu Ondartza auzoan eta Arketa-Goitizen. Jakitera eman dutenez, 23.500 euroko inbertsioa egin dute Arketa-Goitiz argiztatzeko eta 11.000 euroko inbertsioa, berriz, Ondartza auzoa argiztatzeko.
Aipatu lanak eginda, Mundakako Udalak “tinko jarraitzen du” tokiko azpiegiturak hobetzeko lanetan, “udalerriko puntu guztietara argiztapena eroateko helburuz”.
Gune horietan kale-argiak jarrita udalerritik urrunen dauden tokiak argiztatu gura izan dituztela esan du Mundakako alkate Irati Gondrak, modu horretan herrigunean sartuta, “iriste erraztasuna hobetuz eta seguruagoak bihurtuz”.
Alkateak gogorarazi du 2022ko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek egindako proposamenen artean egon zela hiri-eremutik urrunen dauden eremuetan argiztapen sistemak ezartzearena. Hala, egindako lanekin udalak aipatu proposamena “errealitate bihurtu” duela aipatu du: “Behin eta berriz eskatzen zen jarduera zen, eta, beraz, udalak ez du zalantzarik eduki, ahalik eta azkarren lehenesteko eta gauzatzeko”.