Kaltzada Egoitzako baldintzen "okertze zeharo kezkagarria" salatu dute
Kaltzada Egoitzako zuzendaritzak langileen lan baldintzak aldatu ditu, LABek jakinarazi duenez, eta horrek langileen "kexka eta ardura" eragin du, bai euren lan baldintzekiko, bai egoiliarren egungo egoerarekiko. Emango dituzten pausoak "era partekatuan" erabakitzeko asmoz, langileen iritzi eta bizipenak biltzen hasi dira.
Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzako zuzendaritzak langileen lan baldintzak aldatu ditu, “diru sarreren murrizketei aurre egiteko asmoz”, eta aldaketa horiek langileen lan baldintzetan zein egoiliarrengan eragindako egoerarengatik “kezkatuta eta arduratuta” daude langile asko zein LAB sindikatuko ordezkariak.
Sindikatuak jakinarazi du ezarri dituzten aldaketek langileen lan txandetan eta funtzioetan eragin “zuzena” izan dutela, baita horien “lan jardunen handitzean” zein egoiliarren bizi baldintzetan ere. Hortaz, egoera horri konponbide bat aurkitzeko nahia kaleratu dute: “Oso kezkatuta gaude, egoitzan jendea bizi da. Aldaketek ez diete bakarrik langileei eragiten, egoiliarrengan ere ondorio larriak dituzte”.
Izan ere, azaldu dutenez, lehen, 40 egoiliarri 5 langileren artean ematen zieten afaria, eta, orain, 2 langileren artean. Jakinarazi dute, gainera, 2 langileren artean 13 egoiliar dutxatzen zituztela, eta, orain, berriz, 21. “Lehen, langileak beti zeuden egoiliar berdinekin eta ezagutzen genituen, bagenekien zer gertatzen zitzaien, eta orain, egunero aldatzen gaituzte, hurbiltasuna eta gizatasuna galduz”, adierazi dute.
Egoiliarren jaikitzeko ordua ere aldatu dute: lehen 08:30ean izartzen zituzten, eta zuzenean gosaltzen zuten, baina, orain, 07:15ean jaikitzen dituzte gaueko txanda aprobetxatzeko, eta areto batean egoten dira 09:00etan gosaltzen hasten diren arte. “Langileek baldintza txarretan lan egin behar dute, lanez gainezka, ezinean, eta egoiliarrak ez daude ondo zainduta”, diote.
Langileek egoitzako zuzendaritzarekin bilera eskatu zutela jakinarazi du sindikatuak, murrizketek sortu dituzten egoerei buruz berba egiteko eta konponbide bat aurkitzeko: “Gure nahia da egindako murrizketek eta aldaketek sortu dituzten arazoak azaldu eta irtenbide bat bilatzen saiatzea”.
Helburu horregaz, bilera baterako hitzordua jarri zuten, baina egoitzako zuzendaritzakoek ezezkoa adierazi zieten: “Hori ikusita, beste bide batzuk jorratzea besterik ez zaigu geratzen: egoera ez da ona ez langileentzat, ez egoitzan bizi diren gernikarrentzat, eta gure ardura da zerbait egiten saiatzea. Egoera hau ez da jasangarria eta konponbide bat behar da”.
Emango dituzten pausoak “era partekatuan” erabakitzeko asmoz, langileen iritzi eta bizipenak biltzeko inkesta bat abian jarri dute. Bien bitartean, euren egunerokoan bizi dituzten egoerak kaleratuko dituztela adierazi dute.
Kaltzada Egoitzako langile eta egoiliarren egoera interes orokorrekoa dela dio LAB sindikatuak. “Gure ustez, ez da langileoi bakarrik dagokigun ardura. Kaltzada Egoitzan zaintza behar duten gernikar asko bizi dira, eta gertatzen ari dena denok jakitea beharrezkoa da. Zentzu horretan, sortutako egoera senide askok kezkaz bizi dutela dakigu, eta hasi direla zuzendaritzari esaten. Gainerakoei ere, ezinegona zuzendaritzari jakinaraztea edota publiko egitera gonbidatzen ditugu”, azaldu dute.