Mundakako kontsultategirako medikua bilatzeko lanean dabiltza udala eta Osakidetza
Mundakako Udaletik jakitera eman dutenez, udalerriko mediku kontsultategiak hamabost egun inguru daramatza lehen mailako arreta eskaintzen duen medikurik barik.
Mundakako Udalak jakitera eman duenez, Mundakako kontsultategiak hamabost egun inguru daramatza lehen mailako arreta eskaintzen duen medikurik barik. Hala, udala eta Osakidetza elkarlanean ari direla esan dute, mediku bat bilatzeko.
Udaletik ohar bidez azaldu dutenez, medikuen falta da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan osasun arloan dagoen arazo nagusia; pandemiagaz batera, gainera, areagotu egin dela gaineratu dute: “Profil profesional batzuen eskasia eta plantillaren zahartze progresiboa dira Osakidetzaren arazo nagusietako batzuk”. Datuak ere eman dituzte: “Euskal osasun publikoak 2022ko hasieran baino 422 sanitario gutxiagorekin hasi berri du urtea. Aurreko ekitaldian erretiroa hartu zuten profesional guztiak dira, 189 mediku eta 233 erizain, hain zuzen”.
Arazo orokor horren aurrean eta, zehazki, Mundakan lehen mailako arreta eskaintzen duen medikurik ez dagoela kontuan hartuta, Mundakako alkate Irati Gondrak azpimarratu gura du “Osakidetzarekin lanean ari direla zerbitzu medikua eskainiko duen profesional bat bilatzeko”.
Azaldu dutenez, “egoera zail honi konponbidea emateko lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du Barrualde-Galdakao ESItik –Mundaka horren baitan dago–. Era berean, konpromisoa agertu dute “profesional kualifikatu baten falta” konpontzeko eta Mundakako herritarrek “merezi duten kalitatezko zerbitzua” ematen jarraitzeko.