Jokatu eta sinistu: etxeko bikotea, finalera
Unai Lekerika eta Xabier Barandika Jai Alai Winter Seriesko finalean egongo dira, finalaurrekoan Iñaki Osa Goikoetxea eta Nicolas Etxeto garaitu ostean. Gernika-lumotarrek herrikide bat edukiko dute finalean aurkari: Imanol Lopezegaz batera jokatuko duen Diego Beaskoetxea.
Jokatu eta sinistu, sinistu eta jokatu. Besoek eta hankek ez ezik, buruak ere ondo erantzun behar du atzokoa bezalako partidu erabakigarrietan, eta presioa kudeatzerakoan gakoa da. “Sinistu”. Horixe esan zion Xabier Barandikak Unai Lekerikari Jai Alai Winter Seriesko bigarren finalerdia amaitzean. Beraien aukeretan sinistu, etxeko txapelketako garaipenean sinistu. Atzo, behintzat, ondo atera zitzaien. Hirugarren seta irabazita (3-5) sartu dira Jai Alai Winter Serieseko final handira. Beraz, hilaren 19an txapelketa hasi zuten etxeko hiru puntistak kantxan egongo dira. Xabi Barandika-Unai Lekerika edo Diego Beaskoetxea–Imanol Lopez. Bi bikoteetako bat nagusituko da Gernika-Lumoko neguko astelehenetako zesta-punta txapelketaren bigarren ekitaldian.
Bigarren finalerdia, antolatzaileen berbetan, lehiaketako onena izan zen: gogorra, azken unera arte lehiatua eta berdindua. Izar nagusia Lekerika izan zen: Barandikagaz talde-lan bikaina eginez, jokaldiak dominatzen aritu zen. Beragaz batera, Goiko beteranoa ere goi-mailan agertu zen; ez bakarrik pilotalekuan erakutsitako jokoagatik, baita bere jarrera paregabeagatik ere. Partidua zumaiarraren horma biko sendo bategaz abiatu zen, eta Barandikak albotik barrura jotako pilotakada bategaz amaitu. Bien bitartean, baina, denetariko jokaldiez eta, batez ere, mailako zesta-puntaz gozatu zuten Jai Alai katedrala lepo bete zuten 2.000 ikusleek.
Lehendabiziko seta orduko, urduritasuna begibistakoa zen. Izotza apurtzen lehenak Goiko eta Etxeto izan ziren, beren armak hasieratik erakutsiz. Abiadura handiko jokaldiak izan ziren estreinakoak. Bikote urdina 1-4 aurreratu zen, baina 4-4ko berdinketa lortu zuten gorriek. Tarteka-marteka, atzelarien piloteoa nabarmendu zen; Lekerikak Etxeto ahetzetarra dominatzea lortu zuen, kostata bazen ere. Aurrealdeko koadroetan, ostera, Goikoetxeak eta Barandikak su etenik gabeko gerra eduki zuten, eta markagailua horren adierazle argi eta garbia izan zen: 5-4, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7. Berdinketa horretatik aurrera, etxeko bikotea nagusitzen hasi zen, Lekerikaren atzealdeko jokoari esker. Beraien jomuga Goiko tantoz tanto jokotik ateratzea zen. Esan eta egin: errenta handituz joan ziren, eta lehenengo seta 8-15eko markagailuagaz irabazi zuten.
Urdinak 8-15 nagusitu ziren lehen setean; gorriak, 15-14 bigarrenean; berdinketa haustean, 3-5, etxekoen alde
Goikok ulertu zuen nahiatezkoa zela bigarren setean egoera iraultzea, finalerako txartelari eusteko. Partiduari martxa bat gehiago eman zion eta, bere eskarmentua baliatuz, interesatzen zitzaion jokoa egin zuen, hau da, tantoak errematatuz. Gernika-Lumoko bikoteak, set hasieran, aurkarien piloteoari eustea lortu zuen, eta ez zien utzi hiru tanto baino urrunago ihes egiten Goikoetxeari eta Etxetori: 3-1, 5-3, 7-4 eta 8-5. Atsedenaldiaren ondoren, norgehiagokako une gailurretako bat iritsi zen, tentsioz betea: Lekerikak eskua altxatu zuen, buelta eskatzeko, pilota jokoan zelarik; Barandikak heldu zitzaion pilotakada errematatu zuen, eta Goikok eta Etxetok protesta egin zuten, jokatzeari utziz. Epaileek, azkenean, ez zuten bueltarik agindu, eta urdinentzat izan zen tanto eztabaidagarri hura, 8-7koa lortuz.
Goiko, eredu.
Goikoetxeak tanto hura “ahazteko” esan zion bere atzelariari, eta finalerdiaren ardura beregain hartu zuen. Une gaitzak ziren bikote gorriarentzat. Hori bai, gai izan ziren bederatzira, hamabira eta hamahirura berdintzeko. Bigarren seteko azken tantoak borroka usaina eduki zuen. Egundoko jokaldia egin zuen zumaiarrak: hanka ezker horman ipinita, esku bakarreko errebeskadagaz errematatu zuen pilota, 15-14koa lortuz. Finalerako sailkapena berdinketa haustean erabakiko zen, beraz.
Hirugarren eta azken setean, urdinak aurreratu ziren lehenik. Markagailuak banako berdinketa erakusten zuenean, Lekerikak horma-biko bategaz aurreratu zituen urdinak, baina Goikoetxeak, eskumazko errebote bategaz, berdinketa berrezarri zuen. Ikusleen artean ere nabaria zen urduritasuna, ordurako. Etxekoek defentsa beharra egin zuten, azken tantora arte. Azkenengo puntu hura, hain zuzen, egundokoa izan zen: Barandikak erasoa abiatu ostean, gorriek jokoa dominatu zuten; hori bai, ez zuten putzutik urik atera, Lekerikaren defentsari esker. Amaieran, Barandikak kale edo bale egin zuen, pilota barrualdera bidaliz. Ez zuen hutsik egin. 3-5ekoagaz, finalerako txartela etxekoentzat.
Goikoetxeak eta Etxetok Olharanen eta Basqueren kontra jokatuko dute, astelehenean, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua
Lortutakoa ia-ia sinistu ezinik, Barandikak eta Lekerikak Jai Alai Winter Serieserako finalera sailkatzea lortu zuten, ligaxkan gogotik sufritu ondoren. Diego Beaskoetxearen agurrean jokatzeko aukera edukiko dutela ulertu zuten atzo, zutik jarritako ikusleek txalo zaparrada eskaini zieten bitartean. Hurrengo asteko domekan jokatuko dute azkenengo borroka, eta sarrera guztiak saldurik daude honezkero. Atzo txaponaren ifrentzua ezagututako Goikoetxea eta Etxeto, ostera, hirugarren postua lortzeko lehian sartzeagaz konformatu beharko dira. Datorren astelehenean jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuetarako norgehiagoka, beste finalaurrekoan galtzaile suertaturiko Jean Dominique Olharan pauetarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontra.